Murgia gogoan dute
Lazkaon bizikleta martxa eta bazkaria antolatu dituzte jairako, Rufino Murgia zena oroitzeko. Txirrindulari profesional ohiak eta zaletuak bilduko dira, masajista eta laguntzailea omentzeko
Txirrindulari izana gaztetan, talde profesionaletako langile helduaroan, ziklisten masajista, eta txirrinduzale amorratua izan zen Rufino Murgia Herrero (Lazkao, 1958 Burgos, Espainia, 2013). Zoritxarreko zirkulazio istripu baten ondorioz hil zen, 55 urterekin, pasio zuen lanean ari zela. Murgia oroitzeko eta omentzeko, lagunarteko bizi-festa egingo dute, etzi, Lazkaon.
Txirrindu martxa bat goizean egitea eta bazkaritan elkartzea beste ekitaldirik ez dago, baina sentimendu eta esker on erakustaldi handia izango da. Murgiarekin lan egindako profesional batzuk joango dira: Gari Bravo herkidea, Egoi Martinez, Patxi Vila, Markel Irizar, Igor eta Iker Flores… «Masajista gure aita zuten horiek denek, askok gaztetatik. Gorka eta Jon Izagirrek ezin dute etorri, Italian lehiatuko direlako», gogoratu du Urtzi Murgiak, Rufinoren semeak.
Bueltaxka Goierrin barrena
Txirrindulari profesionalekin eta ohiekin, zaletuak, zikloturistak eta Murgiaren lagunak joango dira bizikleta txangoan. 50 laguneko tropeltxoak osatuko dituzte. Goierrin barrena, 40 bat kilometroko ibilbide samurra egingo dute, patxadan. «Ez da lasterketa, ondo pasatzeko festa bat baizik, eta aita maite zuen jendea elkartzeko».
Lazkaoko plazako frontoian, lagunarteko bazkaria egingo dute ondoren, trikitilariekin. Eguraldi ona iragarrita dago.
Rufino Murgiak hainbat taldetan masajista, laguntzaile eta gidari bezala lan egin zuen. Kaikun, Caja Ruralen, Lampren, Tinkoffen eta Katushan ibili zen. Euskaltel-Euskadin sartu zen 2010ean. Haren autobus-tailer bat gidatzen zihoala, 2013ko ekainaren 20an istripu larria izan zuen Villalbillan. Bembibre herrira (Leon) zihoan, Espainiako Txapelketak han zirelako.
Hurrengo urtean, Jon Izagirrek Espainiako txapela berari eskaini zion, Ponferradan. Igandean, lagun eta lankide guztiek oroituko dute. Bide bazterren batean zain izango dute Rufino Murgia, adi, laguntzen.
EGITARAUA
Igandean, Lazkaon
· 08:30-09:30. Izen-ematea. Aurrez: Antsoategi eta Zelata tabernetan eta Amets-Bat dendan.
· 10:00. Lagun arteko bizikleta martxa, Goierrin barrena (40 km).
· 11:30-12:30. Helmugaratzea.
· 14:00. Bazkaria, plazan.