Xalbador Garmendiari ohore
Euskaltzale zaldibiarrari gorazarre egiteko ekitaldia egingo dute bihar Anoetan, bizitoki zuen herrian. «Euskaldun izaten jarraitzeko lagungarri izango da omenaldia», diote
Zaldibiako eta Anoetako herriek elkarlanean antolatu dute Xalbador Garmendia (Zaldibia, 1932-Anoeta, 2018) idazle, itzultzaile eta euskaltzaleari gorazarre egiteko ekitaldia: «Bi herri hauetan urte askoan, eskuzabaltasun osoz, musika eta euskal kantua irakatsiz, herritarrak euskal kulturan heziz, elkarbizitzari ekarri dion aberastasunagatik».
Anoetako Euskal Jaiaren bueltan antolatu duten egitarauaren barruan kokatu dute omenaldia. Astelehenean egin zuten aurkezteko agerraldia, eta han izan ziren, besteak beste, Eztitxu Mujika eta Pello Estanga Zaldibiako eta Anoetako alkateak, eta Garmendiarekin tratua izan zuten bi udalerrietako hainbat herritar.
Bi pasio, musika eta euskara
Zaldibiako Arotzanea etxean jaioa, 9 urte zituela Tolosako Sakramentinoetara bidali zuten, eta haren lagunek nabarmendu dutenez gazte-gaztetatik antzematen zitzaion zein izango ziren bere bi pasio handiak: musika eta euskara. Besteak beste, sakramentinoekin ikasi zuen musika eta pianoa jotzen, eta ikastetxeko organista izan zen. Felix Galdona apaiz sakramentinoarekin sortu zuen 1957an Tolosako Udaberri dantza taldea.
Zaldibian, abesbatza sortu zuen 1968an eta haurrentzako musika klaseak antolatu zituen. «Herrian, eta herritarrekin, sortutako musika sustatu zuen beti, zegoen tokian zegoela», aipatu dute omenaldiaren antolatzaileek. 1977an Anoetara ezkondu zenez geroztik, hango elizan organoa jotzen zuen, esate baterako. Anoetako Herri Ikastolarekin batera herriko helduen abesbatza sortu zuen, eta zuzendari jardun zuen urte askoan. Eguberrietan, Santa Ageda bezperan eta San Joan gauean biltzen ziren abestera. Kantu kide izan zituenetako asko Anoetako plazan izango dira bihar.
Euskalari sutsua
Garmendiak beti izan zuen euskara aztertzeko grina, eta 1968ko Arantzazuko Biltzarrean Euskara Batuaren deklinabideari buruzko txostena aurkeztu zuen, ordurako euskaltzain urgazle zela. Donostian, Filologia ikasketak egin ondoren, euskara irakasle jardun zuen, besteak beste gurasoentzat eta irakasleentzat, Tolosako Laskorain ikastolan.
Euskara zuzentzaile bezala egin zuen bere ibilbide profesionalaren parte handiena; 1970eko hamarkadaren amaieran Eusko Kontseilu Gorenean aurrena eta Egin egunkarian ondoren, 1977an sortu zutenetik Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz itxi zuten arte. 21 urtez euskara arduradun izan zen kazeta hartan.
1950eko hamarkadan Erroman Teologia ikasketak egin ondoren Euskal Herrira itzuli eta 1962an Maulera (Zuberoa) bidali zuten bizitzera, «kultura abertzaleari gehiegi gerturatzen ari zitzaiola iritzi baitzioten orduko apaizek». Zuberoako hiriburuan, ordea, euskal antzerkia berritzeko mugimendua sustatu zuen. Historia triste bat antzerki lana idatzi zuen 1964an, eta Ondarroako Lore Jokoetako antzerki saileko lehen saria irabazi zuen. «Iskanbila sortu zuen obra hark: apaiz gazte batek idatzia bazen ere, ordura arte euskal antzerkian jorratu ez ziren gaiak lantzen baitzituen, suizidioa eta prostituzioa besteren artean».
Antzerki lan horri esker egin zen ezagun Garmendia garaiko euskaltzaleen eta literaturazaleen artean. Gerora itzulpen lan asko egin zituen, besteak beste, Albert Camusen Gizon zuzenak (1967), Antoine de Saint Exuperyren Printze txikia (1970) eta Gabriel Garcia Marquezen Iragarritako heriotza baten kronika (1982). Iragarri dutenez, Printze txikia obraren zati batzuk ere antzeztuko dituzte bihar.
Hizkuntza eta herri maitale
2018ko azaroaren 14an hil zen Xalbador Garmendia. Ia urtebetera, honela hitz egin diote lagunek, ekitaldia iragartzeko esku orrian: «Batua nahi zenuen euskara; eta batua, euskalduna eta burujabea, Euskal Herria. Horrela hartu zenituen ezarritako legeari aurre egitearen arriskuak». Anoetako eta Zaldibiako udalen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dute ekitaldirako. «Euskaldun izaten jarraitzeko lagungarri izango da omenaldia».
Jaialdi kutsuko omenaldi ekitaldia egingo dute bihar
Nafarroako ttuntturroak, txalapartariak, Zaldibiako eta Anoetako dantzariak, Tolosako Udaberri dantza taldekoak, abesbatzako kideak, txistulariak, Loatzo musika eskolako eta Anoetako Herri Ikastolako ikasleak… «Arratsalde zoragarri eta magikoa bizitzeko aukera izango da». 18:00etan izango da ekitaldia, Anoetako plazan.
Garmendia zenaren ibilbidearen zertzelada batzuk eta egin zituen lanen berri ematearekin batera, euskal kulturaren barruan izan zuen garrantzia nabarmenduko dute: «Antzerkigintzari egindako ekarpenagatik, eta tradizioari eutsiz, euskara modernizatzeari bizitza osoan lotu izanagatik».