Zerainen elkartu dira Goierriko eskola txikiak festa ospatzeko
Goierriko Eskola Txikien festak hamargarren edizioa bete du gaur. Zerainen da hitzordua; bertan elkartu dira herriko eta Gabiria, Olaberria, Itsasondo eta Ezkio eta Itsasoko ikasleak.
Zeraingo Herri Eskolari egokitu zaio aurten Goierriko Eskola Txikien festa antolatzea eta Gabiria, Olaberria, Ezkio eta Itsaso eta Itsasondoko eskolako ikasle eta gurasoentzako eta irakasleentzako anfitrioi lanak egitea. Goierriko eskola txikiak festa giroan elkartu diren 10. urtea da.
Festa arratsaldez ospatu da, 16:00etan egindako harrera ekitaldiarekin hasita. Zeraingo eskolako ordezkariek Gabiriako eskolakoei eman diete hurrengo urteko topaketa prestatzeko lekukoa. Ondoren, festa giroa nagusitu da, eta haurrek Realeko puzgarrietan jolasean ibiltzeko aukera izan dute eta Potx Magoaren ikuskizuna izan dute gero; amaitzeko, afari-merienda egin dute.
2005ean hasi ziren Goierriko Eskola Txikien festa antolatzen Olaberrian, gurasoen eta haurren artean harremanak sortu eta sakontzeko helburuarekin. Txandaka herri desberdinetan antolatu dituzte. Aurten Zeraini egokitu zaio antolaketa eta datorren urtean Gabiriari.