Beasain dantzariz eta musikariz bete da
Aurtzaka dantza taldeak gaurko eguna aukeratu du bere 40. urteurrena ospatzeko. Hori dela eta, Beasain dantzariz eta musikariz bete da eta festa giroa jarri dute non nahi.
Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko kideak, kide ohiak eta lagunak ospakizunetan dira gaur, taldearen 40. urteurrena gogoratzeko festa eguna dute eta.
Egun osoko egitaraua prestatu dute urteurrena ospatzeko. Dolarea parkean jarri dute elkartzeko hitzordua, eta familia argazkia aterata eta ‘Zorionak zuri’ abestuz hasi dute ospakizun eguna. Taldekako argazkiak etorri dira gero eta handik abiatuta dantzariek eta musikariek desfilea egin dute herriguneraino ondoren. 13:00ak aldera hasita, Erauskin plazan talde guztiek dantza egin dute. Bazkarian elkartu dira gero Loinazko San Martin plaza azpian, eta jai egunarekin amaitzeko, erromeria egingo dute Ezten Giro taldearekin.
Aurtzaka dantza taldea 1979 urtean sortu zen, aurretik urte askoan lanean ari ziren Goierri eta Salleko Adiskideak taldeak elkartu eta gero. Goierriko dantzari eta musikariz osatua, batez ere eskualdeko dantzak lantzen dituzte, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: soka-dantzak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza edo Sanjoanetako neskatxen esku-dantza.