Goierri xingola arrosaz bete da
Bularreko minbizia pairatzen dutenak gogoratzeko eguna da gaur. Goierriko hainbat txokotan gaixotasun horren aurkako borroka irudikatzen duen xingola arrosa jarri dute
Gaur, urriak 19, bularreko minbiziaren aurkako nazioarteko eguna da, eta Goierriko hainbat txokotan gaixotasun horren aurkako borroka irudikatzen duen xingola edo begizta arrosak jarri dira. Gaur bertan, Ordiziako udaletxeko balkoian eskegi dute bat bularreko eta ginekologiako minbiziaren aurka lan egiten duen Gipuzkoako emakumeen Katxalin elkarteko kideek.
Aurreko egunetan beste hainbat tokitan ere jarri dituzte xingolak, Zumarragako udaletxean, Zumarraga-Urretxuko geltokietako plazan bertako merkatariek bultzatuta edo Legazpiko Korosti suhiltzaile parkean, besteak beste.