Lapkekoak garaile Gipuzkoako eskuz binakako Txapelketan
Gipuzkoako binakako pilota txapelketaren finalak jokatu zituzten larunbatean Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan, eta lau txapelak Goierrin geratu ziren, Lazkaoko Lapke taldeko pilotariak nagusitu batiziren jokatutako bi finaletan.
Kadeteen mailan lehiatu ziren lehenik. Beñat Zubizarreta ataundarrak eta Iker Garcia idiazabaldarrak osatutako bikoteak 22-19 irabazi zion Tolosako Amianok eta Iztuetak osatutako bikoteari. Meritu handiko txapela izan zen, 9-18 galtzen joan baitziren.
Jarraian, maila nagusiko finalean, Iraitz Zubizarreta ataundarrak eta Ander Quina zumarragarrak, Hernaniko Expositoren eta Lizeagaren aurka jokatu zuten. Goierritarrena izan zen garaipena (22-14).
Andoni Lertxundi Gipuzkoako Federazioko presidenteak eta Aritz Ugarte Idiazabalgo zinegotziak eman zizkieten garaikurrak irabazleei.













