'Idiazabaldarrak Aconcaguan' emanaldia antolatu dute biharko
Duela urtebete, Idiazabalgo hiru mendizale, Markel Lizarralde, Martin San Pedro eta Aritz Ugarte, Ameriketako mendirik garaienera, Aconcaguara abiatu ziren. Andeetan dago, Argentina eta Txile artean, eta 6.959 metroko garaiera du. Bidaia hura eta hango ibilerak kontatzeko, emanaldia antolatu du Idiazabal Kirol Elkarteko mendi sailak, biharko, ostirala, 18:30ean, udaletxeko areto nagusian.
Bertan izango dira hiru idiazabaldar mendizaleak. Bideo emanaldia egingo dute aurrena, eta ondoren, haiekin hizketarako tartea zabalduko dute. Kirol Elkartetik, herritar eta mendizale guztiak gonbidatu dituzte saiora, «izadiaren ikusgarritasuna» eta «abentura handietan gertatzen diren abentura txiki guztiak» ezagutzeko aukera izango baita.













