Larrialdi klimatikoaren aurka neurriak adostu behar direla dio PSE-EEk
Ordiziako PSE-EEk «klima aldaketaren aurkako Egokitzapen Plan bat» garatu dezala eskatu dio udal gobernuari. Eskaera erregistratu dute udaletxean, eta osoko bilkurara eramango dute gaia.
Klima aldaketarekin kezkatuta agertu da Ordiziako PSE-EE, eta «guztiz beharrezko» jo du «larrialdi egoerari aurre egiteko neurriak» hartzea. Hori dela eta, «klima aldaketaren aurkako Egokitzapen Plan bat» garatu dezala eskatu dio EH Bilduk gidatzen duen udal gobernu taldeari. Plangintza horrek «beharrezko errekurtso ekonomiko eta tekniko guztiak» izan ditzala ere eskatu dute.
Ordiziako talde sozialistak udaletxean erregistratu du eskaera, eta hurrengo osoko bilkurara eramango du gaia. Iñaki Dubreuil PSE-EEko zinegotziak «udaletxetik ere klima aldaketaren aurka borrokatzea posible» dela azaldu du, eta orain, «hemendik aurrerako lan lerroa idaztea» falta dela.
Sozialistek egindako proposamenak, «ad hoc» sortutako departamentu bat eta «baliabide egokiak» izatea eskatzen du. Baita «herritarren parte-hartzea bultzatzea» ere, teknikariek eta arduradun politikoek bultzatutako foro baten bidez. Horren segidan etorri beharko luke, PSE-EEren ustez, «jasangarritasunerako ekintza planaren ebaluazioak», ondoren diagnosi berri bat egin, eta «klima aldaketaren aurkako lehen Egokitzapen Plana» osatzeko.













