Realeko jokalarien eta politikarien bisitak
Realeko jokalariak Zumarragako Ospitalean izan ziren gaur 15 urte, gaixo zeuden haurrak bisitatzen. Alderdi politikoen ekitaldiek eta Txema Auzmendik jasotako Giza Eskubideen Sariak osatu zuten eguneko aktualitatea.
Eguberri garaia betidanik izan da elkartasun keinuak egiteko garaia. Duela 15 urte ere, Realeko jokalariek Zumarragako Ospitalera egindako bisitaren berri eman zuen Hitzak. Alberto Lopez eta Bittor Alkiza etorri ziren, gaixorik edo ingresatuta zeuden haurren egonaldia alaitzera. Bufandak, posterrak eta bestelako opariak ekarri zituzten, eta umeek pozez eta ilusioz jaso zuten beraien idoloen bisita.
Politika kontuetan, hainbat alderditako ordezkariak Goierrin izan ziren egun haietan, eta horren lekukotasuna ere jaso zuen egunkari honek. Zumarragan, EAJko Joseba Egibar eta Elixabete Piñol izan ziren, Ibarretxe plana deitutakoa herritarrei azaltzen. Beasainen berriz, Juan Joxe Petrikorena Batasuneko mahaikideak ezker abertzalearen proposamen politiko berria azaldu zuen.
Egunkaria auziko epaiketa pil-pilean zela, Txema Auzmendi auzipetuak Gipuzkoako Giza Eskubideen Saria jaso zuen, Jose Joan Gonzalez Txabarri Diputatu Nagusiaren eskutik. Biktima guztiak gogoan izan zituen ordiziarrak bere hitzaldian, eta autodeterminazio eskubidearen defentsa egin zuen. “Giza eskubideen alde dagoen orok autodeterminazioari eutsi behar dio; beti ere helburuak eta bitartekoak giza eskubideetan oinarritutakoak izan behar dira”.