Tren geltokiko bigarren fasea hasteko zain
Ordiziako tren geltokian irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo ditu Adif konpainiak. Eraikin berria egingo dute, bi altueratan eta lur azpiko pasabidearekin.
Adif-ek 3,68 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du Ordiziako tren geltokiko bigarren faseko lanetarako. Proiektua idatzita eta onarpen fasean dago. Ondoren obra esleitu beharko dute. Momentuz, lanekin noiz hasiko diren ez dute aurreratu.
Ordiziako tren geltokian, irisgarritasuna hobetzea da helburua. Hori horrela, lur azpiko igarobidea egingo dute, bi noraznkoetako nasak komunikatzeko. Trenaren erabiltzaileentzat bakarrik ez, gainontzeko herritarrentzat ere izango da erabilgarri igarobidea, San Bartolome auzoa eta herrigunea konektatzeko balioko baitu, eta Eroski merkatal gunearekin eta aparkalekuarekin komunikazioak hobetuko ditu gainera. Lur azpiko igarobidea bi nasekin komunikatzeko, eskailerak eta igogailua jartzea aurreikusten du proiektuak, Adifek ohar bidez jakinarazi duenez
Azkenik, markesina berriak ere egingo dituzte, bi noranzkoetako bidaiariek aterpea izateko.
Lehen fasean, 749.601 euro
Orain arteko hobekuntza lanetan, 749.601,6 euro gastatu dituzte. Lanen lehen fasean nasen altuera egokitu dute, trenera igotzeko eta jaisteko eragozpenak ekiditeko. Gainera, zorua berritu, etxoletan hobekuntzak egin eta argiztapena ere hobetu dutela esan du Adifek.