Amagoia Murumendiaraz medikuarekin hasiko da Zegamako Jubilatuen kultur astea
Zegamako Jubilatuen Elkarteak ekitaldi sorta antolatu du, larunbatera arte. Amagoia Murumendiaraz eta Irene Rilo medikuak etorriko dira hitzaldi bana ematera, gaur-biharretan.
Zegamako Jubilatuen elkarteak aste bete-betea dauka aurretik: mahai jokoak, hitzaldiak, solasaldiak, sari banaketak eta gabon saskien banaketa eta zozketa izango dituzte kultur astearen barruan, besteak beste.
Mahai jokoekin eman zioten atzo hasiera kultur asteari. Gaur, berriz, Amagoia Murumendiaraz Matia Fundazioko mediku gerontologoak hitzaldia egingo du elkartean, eta bihar, asteazkena, Irene Rilo Donostiako Ospitaleko kardiologoaren txanda izango da.
Ostegunean kirolariekin izango dute solasaldia jubilatuek, eta astelehenean jokatutako mahai jolasen sariak banatuko dituzte ostiralean. Bost ekintza horiekin osatu dute astean zeharreko programazioa.
Gabon saskiak larunbatean
Larunbatean, San Tomas egunez, emango diote bukaera kultur asteari. Lehendabizi txistor jatea egingo dute, eta segidan, aurten 78 urte bete dituzten bazkideei gabon saskiak banatuko dizkiete. Ondoren, bi saski zozkatuko dituzte: bat, bazkide guztien artean zozkatuko da, eta bestea, bertan dauden bazkideen artean. Astean zeharreko nahiz larunbateko ekintzak arratsaldez dira, 17:00etan hasita.
Jubilatuen egitarautik aparte, igandean bada Zegaman urtero egiten duten ekintza bat. Amezti mendi elkarteak antolatuta, Aitxuri herri eskolako ikasleek eta gurasoek Amezti mendira egingo dute irteera.