Beasaingo Erregeen Zamalkadan parte hartzeko izen ematea zabalik dago
Abenduaren 31n amaituko da epea. LHko 6. mailatik gorako gazteek eman dezakete izena.
Urtarrilaren 5ean Beasainen egingo den Erregeen Zamalkada antolatzen ari da Txilibutxof Aisialdi Taldea. Arratsaldean egingo den zamalkada Txilibutxofek antolatzen badu ere, herriko bederatzi talde ezberdinek hartuko dute parte: Txilibutxof, Herriak Elkarlanean, San Martin Parrokiako katekesia, Goizeresi Txistulariak, Loinatz Musika eskolako Trikitilariak, Musika Banda, Koskola Txaranga, Kantujira eta Irratizaleen Elkartea.
Karrozak eta musika taldeak 150 antortxeroz inguratuta zeharkatuko dituzte kaleak. Segizioa Igartzan hasiko da, ondoren Nafarroa etorbidea eta Kale Nagusia zeharkatuko ditu, Plazara iritsi arte. Behin plazako ekitaldi amaituta, bide beretik Igartzara itzuliko da.
Ekitaldian parte hartu nahi dutenek abenduaren 31 baino lehen dute izena emateko epea, txilibutxof.blogspot.com webgunean dagoen formularioa betez. LH 6. mailatik gorako gazteek eman dezakete izena, adin mugarik gabe.
Egitaraua:
- 10:30: Errege Magoen bisita Arangoiti zaharren egoitzara. 12:00- Haurren gutun bilketa Loinazko San Martin Plazan.
- 12:00: Haurren gutun bilketa Loinazko San Martin Plazan.
- 18:15: Erregeen Kabalgata handia Igartzako Jauregitik.
- 19:15: Errege Magoei ongi etorri ekitaldia Loinazko San Martin Plazan.
Elkartasunezko zamalkada
2000. urte inguruan Txilibutxofek Kabalgataren ardura hartu zuenetik, taldeak ekitaldi honen antolakuntzagatik jasotzen duen dirua (Udaleko kultura sailarekin duen hitzarmenaren bitartez) Herriak Elkarlanean erakundeari ematen zaio. Aurtengoan diru-laguntza hori Haitin eskola baten eraikuntza amaitzeko erabiliko da.