Gaztagintza bertatik bertara ezagutzeko aukera, Segurako Ondarre gaztandegian
Hilaren 19an eta 26a izango dira bi saioak, 11:00etan. Aurrez izena eman behar da.

Gaztagintzaren sekretuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da aurten ere, Zegamako Anduetza Parketxeak bi bisita antolatu baititu Segurako Ondarre gaztandegira, hilaren 19an eta 26an, 11:00etan.
Ondarre baserriko artaldean arkumeak jaio berri dira eta artzainak Idiazabal gazta egiten hasteko garaia da orain. Honela, bisita ukuiluan hasiko dute, bisitariek Latxa ardia gertu-gertutik ikusi eta arkume jaio berriak besoetan goxo-goxo izango dituzte. Jarraian, Ondarre baserrian, artzainek erabiltzen dituzten tresnen bilakaera ikusiko dute.
Ondoren, gazta keetua, keetu gabea eta gazta-zarra dastatuko dituzte, sagardo eta uraz lagunduta beraien ezaugarriak azalduko dituzte.
Adin guztietako herritarrei zuzendutako bisitaldia da.
Aurrez izena ematea beharrezkoa da, leku mugatua baitago: anduetza@gipuzkoamendimendi.net – 943 80 21 87 – 688 623 609.
Prezioa: Helduak 9 euro; haurrak (3-12 urte) 4 euro.