Legazpiko aurreskulariak, lehian kopuruz nagusi
Gipuzkoar erako aurresku txapelketa abiatu da asteburuan Legazpin, Sustraiak dantza taldeak antolatutako kanporaketarekin; 8 eta 13 urte bitarteko 59 partaide gazteen artean, zortzi legazpiarrak dira.
Asteburuan Legazpin abiatu den gazteen gipuzkoar aurresku txapelketak 59 partaide ditu guztira, eta horietatik 8 herrikoak bertakoak dira. A taldean 2010 eta 2011n jaiotakoak lehiatu diren Jon Alberdik, Ekain Maniegak, Maria Sanchezek eta Irune Azpeitiak, eta B taldeko 2007, 2008 eta 2009koak Amaia Azpeitiak, Elene Muñozek, Laia Arruabarrenak eta Naroa Sanchezek osatzen dute zerrenda. Handien taldeko txapelketan parte hartuko duen Markel Garmendia ere aipatu behar da. Bederatziak Sustraiak dantza taldeko kideak dira.
Herri baterako, eta are gehiago dantza talde baterako, kopuru esanguratsua da. Partaidetza handi hori, ordea, «bolada kontua» besterik ez dela dio Sustraiak taldeko kide Jon Dorrosorok, urte batzuetan gutxiago izaten direlako, beste batzuetan gehiago. Halere, taldeak txapelketa horren antolaketa lanetan duen urte luzeetako tradizioak zerikusia izango duela aitortzen du. «Orain dela 26 urte, Errenteriako Landare taldeak antolatzen zuen mutilen aurresku txapelketa osatzeko, eta gure taldeko Angel Murua Dantzarien Biltzarrean zegoela, neskentzako txapelketa antolatzen hasi ginen, gehien bat soinu zaharrak berreskuratzeko»; harrez gero urtero izan da legazpiarren bat partaideen artean, neska edo mutil, bakoitza bere aldetik.
Izan ere, 2018ra arte bi txapelketa jokatu ziren, mutilen Aurresku Txapelketa eta Euskal Herriko Gazteen Neskatxena Txapelketa; 2019an biak batu eta Gazte Mailako Gipuzkoar erako Aurresku Txapelketa Nagusia jokatu zen lehen aldiz; asteburuan abiatu dena bigarren edizioa da.
Beteranoak irakasle
Txapelketan dantza egitea meritu handia da, baina baita dantzari horiek prestatzea ere. Lan horretan, Dorronsorok azaldu duenez, «aurreko urteetan txapel- ketetan aritutako dantzari beteranoek» jarduten dute, eta aurten Idoia Narbaiza, Irati Olaizaola eta Ane Arrizabalaga izan dira irakasleak, Dorronsorok berak lagunduta. Irakasleek txapelketetan duten esperientzia dantzari gaztetxoen eskura jartzen dute, eta besteak beste, koreografiak aldatzen joaten dira, pauso zailagoak sartuz, eta dantzari bakoitzaren trebetasunen arabera pauso batzuk edo beste batzuk erakusten dizkiete.
Txapelketen aitzakian, «dantzarien maila igotzea» bilatzen dela dio Dorronsorok, ohiko entsaioetan ez dagoelako horretarako tarterik. Eta txapelketak lehia oinarri duen arren, «jende aurrean banaka dantzatzeak bizitzako beste alor batzuetarako, lanerako adibidez, prestatzen laguntzen ditu» dantzari gaztetxoak bere ustez.
Legazpiko saioa
Larunbatean Latxartegi aretoan jokatu zen txapelketako lehen kanporaketan 26 dantzarik parte hartu zuten. A multzoko bederatzien artean, Lezoko Enara Artola izan zen onena, eta Maria Sanchez lehen legazpiarra. B sailean Ane Jaunarena izan zen nagusi, eta legazpiar onena Amaia Azpeitia izan zen.