Doaneko ikastaroak 2020rako
Argazkilaritza, zaintza eta ekonomia zirkularra lantzea izango dute helburu ikastaroek. Egutegia izena eman dutenekin zehaztuko dute. 20 orduko ikastaroak izango dira
Cebanc ikastetxearekin elkarlanean, hiru ikastaro antolatu ditu Segurako Udalak 2020rako: ekonomia zirkularra, sukaldaritza eta produktu lokala, alde batetik; zaintzaileen ongizatea, bestetik; eta argazki digitala, azkenik. Ikastaro guztiak doan izango direla jakinarazi du udalak.
Gutxienez 12 pertsonako taldea osatu beharko da ikastaroak martxan jartzeko. Izen ematea kultura@segura.eus webgunean egin daiteke, edo 943 80 10 06 zenbakira deituta. 20 orduko ikastaroak izango dira hiruak ere, eta egutegia izena eman dutenekin adostu eta zehaztuko da.
Ekonomia zirkularra
Produktu lokalaren garapena eta merkatua sustatzea izango ditu helburu ikastaroak, jasangarritasunarekin eta ingurumenarekin konpromiso bat hartze aldera. Sukaldaritzan landutako ekonomia zirkularra ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Udalak helarazitako ohar baten arabera, nekazaritzako sektorea garrantzi handikoa da, eremuko produktuak «bertako gastronomia, kultura, turismo eta kanpo irudiaren oinarria» baitira.
Zaintzailea zaintzea
Mendeko egoeran dauden pertsonen zaintza izango da ikastaroaren ardatza. Tailerrean egoera hauek familia esparruan izan ditzaketen eraginen inguruan hausnartuko dute. «Mendeko egoeran dauden pertsonen familia zaintza gizarte mailan hedatuz doan erronka eta arazoa da; familiaren ardura nabarmenki eta pixkanaka handitzera darama ahultasun egoeran dagoen senide bati laguntza eta asistentzia ematerako orduan», azaldu dute, udalak hedabideei bidalitako ohar baten bidez.
Argazki digitala
Hirugarren eta azken ikastaroa argazkigintza digitalaren inguruan izango da. Reflex kamera eta mugikorreko argazki kamera erabiltzen ikasiko dute partaideek. Segurako Udalak herritarrak deitu ditu parte hartzera.













