Areria, euskal Broadway
Goi mailako artistek espresiobide askotako ekitaldiak egingo dituzte otsailean zehar Lazkaon. Eñaut Elorrietak 'Irteera argiak' diskoa aurkeztuko du, gaur. Gontzal Mendibil izango da hurrena
Urteko hilabete laburrena izango da otsaila, baina edukiz ederki betea dator Lazkaoko Arerian. Astero, goi mailako artisten ikusizun bana antolatu dute. Musika, pailazoen antzerkia, eta bertsoak eta umorezko esketxak uztartzen dituen ikuskari bana izango dira.
Eñaut Elorrietak irekiko du otsaileko karteldegi aipagarria, gaur iluntzean. Irteera argiak diskoa aurkeztera etorriko da kantari gernikarra, azaroan kaleratu ondoren. Bederatzi abesti txertatu ditu bilduman; bakarkako ibilbidea 2013an hasi zuen Elorrietak, Ken Zazpi taldea deseginda, eta hirugarren diskoa du Irteera argiak (Elkar, 2019), Deserriko kantak (2013) eta Harian (2018) laburraren ondotik.
Kontzertua 20:15ean hasiko da, eta betekada ziurtatuta dago Arerian; sarrerak guztiak saldu direla esan zuen udalak atzo.
Gontzal Mendibil, 14an
Euskal musikaren Bizkaiko beste ikur batek jarraituko du otsaileko egitaraua, otsailaren 14an. Gontzal Mendibil abeslaria (Zeanuri, 1956) entzuteko aukera izango da. Lazkaoko Kantaka abesbatzak ere lagunduko dio zenbait piezatan.
Orain hurrena, 2018ko abenduan abestu zuen Mendibilek Lazkaon, orduan Gorka Knorrekin eta Urkorekin.
‘Erradikalak ginen’
Hirugarren ostiralerako (otsailak 21), gero eta arrakasta handiagoa hartzen ari den bertso-bakarrizketa formatua eskainiko dute Arerian. Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek Erradikalak ginen saioa egingo dute.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Bizi dantza azken ikuskizunak borobilduko du egitaraua. Oin-Arin dantza taldeak ere parte hartuko du.
Ekitaldietarako sarrerak Interneten eros daitezke, aurrez.
ARERIAN, OTSAILEAN· Gaur. Eñaut Elorrietaren kontzertua, 20:15ean.
· Otsailak 14. Gontzal Mendibil eta Lantaka abesbatza, 20:15ean.
· Otsailak 21. Ane Labaka bertsolaria eta Beatriz Egizabal antzerkilariaren Erradikalak ginen, 19:00etan.
· Otsailak 28. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Bizi dantza ikuskaria, Oin-Arinekin, 18:00etan.