Papera oinarri duen artelana
Ormaiztegiko gizarte etxeko tabernan dagoen erakusketa txokoan jarri ditu erakusgai Kontxi Simonek bere lanak. Martxoaren 29ra arte izango dira bertan. Paperez eta akrilikoz egindako lanak dira gehienak.
Ormaiztegik baditu artistak herrian. Haien lanak ezagutarazteko, aldi baterako erakusketentzako txokoa inauguratu zuten irailean gizarte etxeko tabernan. Ordutik, hiru artistek izan dute aukera haien lanak ikusgai jartzeko.
Angel Elorza argazkilariaren San Mielak Ormaiztin argazki erakusketa izan zen lehendabizi; ondoren, Ormaiztegiko Ander Deunaren jaietako egitarauko azal lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa izan zen, eta azkena Jon Zumalakarregi artista gaztearen lanak jarri zituzten erakusgai txokoan. Zumalakarregik akrilikoan egindako margolanak aurkeztu zituen herritarren aurrean. Orain, Kontxi Simonen txanda izango da. Martxoaren 29ra arte izango dute aukera interesdunek haren lanak ikusteko.
Txiki-txikitatik margotu izan du Simonek: «Batxilergo garaian, Donostian aritu nintzen akademia batean pintura eskolak hartzen, baina nik ere ez dakit nondik datorkidan zaletasuna zehazki», azaldu du. «Han, Donostian, ikatz ziriekin eta margotzen genuen, baina orain akrilikoa erabiltzen dut gehienbat», eman du jakitera. Izan ere, esan duenaren arabera, akrilikoa etxean erabiltzeko errazagoa da, eta ez du hainbeste zikintzen: «Olio-pinturak usain asko botatzen du, eta nik ez dut tailerrik, etxean egiten ditut lanak». Beraz, akrilikoa du oinarri. Akrilikoa eta papera: «Duela hiru bat urte hasi nintzen papera erabiltzen artelanak egiteko». Papera erabiliz forma ezberdinak egiten ditu, baina beste material batzuen beharra ere izaten du berak nahi duen forma eta indarra emateko: «Askotan paperak bakarrik ez du balio, eta akrilikoarekin potentziatu behar da», azaldu du.
Liburuak, aldizkariak edo egunkariak baliatzen ditu Simonek bere lanak ontzeko. Erakusketa askorik egiten ez dituen arren, beste zeregin batzuetan jarduten du: «Erakusketak baino, enkargutxoak eskatzen dizkidate, eta tailerrak ere egiten ditut; Zumarragan egin dut bat, eta martxoan Ordizian izango naiz, ostiral arratsaldetan», eman du aditzera.
Azaldu du erakusketak taldean egin izan dituela iraganean: «80ko hamarkadan hasi ginen, Goiarte artista taldearekin batera». Sare sozialetan ere aurki daitezke haren artelanak. KS ArtPaper erabiltzaile izena du Facebook plataforman.
Gizarte etxea apainduta
Simonek azaldu du papera lantzen Ormaiztegiko gizarte etxea berritu zenean hasi zela: «Hura apaintzeko proiektua aurkeztu nuen udaletxean eta onartu egin zuten», esan du. Liburutegiko materiala erabili zuen horretarako: «Zer egin zezaketen galdetu zidaten, eta aukera ona iruditu zitzaidan». Oso gustuko du: «Paperarekin hasi naizenetik ikaragarri harrapatu nau».