Pintura, gaitzaren aurkako terapia
Santi Pelaezek 'Bidaiatzen' pintura erakusketa ireki du Zumarragako kultur etxean. Beasainen bizi den ordiziar honek eskizofrenia du eta pinturak gaitzari aurre egiten lagundu dio.
Santi Pelaezek Bidaiatzen pintura erakusketa ireki zuen atzo Zumarragako kultur etxean. Erakusketaren eskutik, urrutiko eta gertuko toki ezberdinetara bidaiatu daiteke, baina baita gaitz mentalen mundura ere. Gaitz hauen inguruan estigma eta desinformazio ugari dago eta hitz egitea komeni da. Horixe da Pelaezek egin duena: eskizofreniak bere baitan ixtera eraman zuen eta pinturak zulotik ateratzen lagundu dio.
Margolari honek 44 urte ditu. Ordizian jaio zen, baina umetan Hondarribira joan zen. Duela hiru urte Goierrira itzuli zen. Beasainen bizi da. Estudioa etxean bertan du. Iazko ekainetik Gureak enpresaren Ordiziako tailerrean lan egiten du. «Oso gustura nago. Gureaken lan egiten hasi nintzen arte, kezkatuta bizi nintzen pinturatik bizitzea lortzen ez nuelako. Orain, diru arazorik ez dudanez, berriro pinturaz gozatzen ari naiz. Zaletasun bat da, ez obligazio bat».
Komiki zalea
Komikien eskutik zaletu zen, umea zela. «Eskulanak eta pintura oso gustuko nituen, baina selektibitatea egin ondoren Filosofia ikastea erabaki nuen. Ez nuen lehen ikasturtea amaitzea lortu. Gaixotasunak nire baitan ixtera eraman ninduen», azaldu du.
Pinturari esker atera zen zulotik. «Margotzen hasi nintzenean, berriro martxan jarri nintzen. Bizikleta hartu eta pedalak ematen hastea bezala izan zen».
Javier Sagarzazu margolari hondarribiarraren akademiara joan zen eskolak hartzera eta ondoren bere laguntzailea izan zen. «Idazkari lanak egiten nituen, Internetez arduratzen nintzen, erakusketak muntatzen laguntzen nion…».
Ondoren, Beasainera etorri zen. Estudioa etxeko egongelan du. Teknika ezberdinak erabiltzen ditu. «Olioa eta akuarela gustuko ditut, arkatzarekin hirietako paisaia asko egin ditut, pintura akrilikoarekin beldurrezko koadroak egin ditut…».
Zumarragako erakusketan bere bidaietan eta txangoetan ezagutu dituen tokietako paisaiak eta detaileak ikus daitezke: New York, Erroma, Napoles, Maroko, Alegi, Segura, Beasain, Zumarraga…
Kritika soziala ere egin du. «Hiru koadrotan Rihanna, Cara Delevingne eta beste modelo bat ageri dira. New Yorkeko koadroetan lan handia egin nuen eta ondoren ez nuen saltzea lortu. Hori dela eta, koadro horiek berriro egin nituen, atzean modeloak jarrita apaingarri bezala. Helburua saltzen diguten zoriontasun eredua kritikatzea eta nire lana aldarrikatzea da».
Artearen merkatuarekin ere kritiko ageri da. «Nire lanak ferietara eramaten nituen. Singapurreko eta Hego Koreako ferietan parte hartu nuen, besteak beste. Baina galeriek dirua kobratzen dizute zure lanak ferietara eramatearen truke eta koadrorik saltzen ez baduzu dirua galtzen duzu. Hori dela eta, egun nire lanak herrietako aretoetan bakarrik erakusten ditut».