Ampo Ordiziak 21-24 galdu du Silverstorm El Salvadorren aurka
Partida gogorra jokatzea tokatu zaie gaur Ampo Ordiziako jokalariei. Aurkariek tinko borrokatu dute eta partida oso fisikoa izan da gaurkoa. Lehenengo zatian kanpokoak izan dira nagusi baina bigarrenean ordea, ordiziarrek 30. minutuan markagailua 21era berdintzea lortu dute. Partidak aurrera egin duen heinean, geroz eta tentsio gehiago sortu da harmailan. Bukatzeko 5 minutu falta zirenean aurkariek 24ra igo dute markagailua. Bertako taldea, irabazteko asmoz, entsegua egiten saiatu da baino ezin izan du inolako lorpenik eskuratu.
Sailkapenean Ampo Ordiziak laugarren jarraitzen du. Silverstorm El Salvador berriz, bigarren postuan jarraitzen du VRAC Quesos Entrepinares liderraren atzetik.
Bestalde, Afedegi elkarteak Imanol Aldanondo izendatu du 2019ko Gipuzkoako errugbi jokalari onena. Saria partida hasi baino lehen jaso du idiazabaldar gazteak, Juanan San Sebastian Afedegiko presidentearen eskutik.