Euskal Mendizale Federazioak Igone Campos saritu du
Mendiko eskiko jarduerarik onena aitortzen duen Andres de Regil saria jaso du Zumarragakoak. Xabier Mujika 'Smithy' eta Carlos Mediavilla ere saritu dituzte, mendiko artikulu eta argazki lehiaketetan.
Euskal Mendizaletasunaren 24. Festa egin dute asteburuan Amurrion (Araba), bertako trail taldeak antolatuta. Euskal Mendizaleen Federazioaren urteko ekitaldi nagusietako bat da, eta bertan, urtean zehar mendiarekin lotutako jardunean nabarmendu diren kirolari nahiz eragileak saritzen dituzte.
Sari horietako bat, Igone Campos mendi eskiatzaile zumarragarrak jaso du. Mendiko eskiko jarduera onenari aitortza egiten duen Andres de Regil oroigarria eman diote. Ekitaldi berean, Amadeo Ezpeleta, Oier Ariznabarreta, Ekaitz Maiz, Martin Urrutia, Eneko Aliende, Maria Isabel Garcia, Jesus de la Fuente eta Roge Blasco ere saritu dituzte.
Argazki, artikulu eta blog onenentzat sariak
Kirol jardunean egindako aitortzez gain, EMFak Pyrenaicako blog, mendiko argazki eta mendi artikuluen lehiaketetako sariak ere banatu ditu. Mendi artikuluen 36. Lehiaketan, Xabier Mujika Smithy-rentzat izan da lehen saria, Aizkorri neguan. Alpinismoa Gipuzkoaren bihotzean. Bost mendi, bost ipar horma lanari esker. Argazkien arloan, Carlos Mediavilla urretxuarrak bigarren saria jaso du, Gipuzkoa lanarekin.