Amonek ere zientzia egiten dute
'Zientzia Amonak' jardunaldia antolatu du Asmube elkarteak biharko Lemniskataren laguntzarekin. Esperimentuen bidez ikusiko dute egunerokotasunean zientzia erabiltzen dela.
Konturatu gabe ere, behin eta berriz erabiltzen da zientzia. Frogatzeko, Asmube emakumeen elkarteak Zientzia Amonak jardunaldia antolatu du bihar 19:00etan elkartearen egoitzan Lemniskataren laguntzarekin. Optika izango da gai nagusia, eta oinarrizko esperimentuen bidez jorratuko dute era arin batean. «Edalontzi borobil bat, arkatzak, ura, olioa, plastikoak… erabiliko ditugu. Etxean egiteko moduko esperimentuak izango dira guztiak, egunerokatasunean dagoen zientzia azaleratu nahi dugulako», azaldu du Jose Luis Etxezarreta Lemniskatako kideak. Errefrakzioa eta birefrakzioa zer diren ikasiko dute eta zer erabilera duen.
Jolas matematikoak ere egingo dituzte, baita ere entzumenezkoak. «Belarri hutsez posible da ur beroa eta hotza bereiztea», zin egin du Etxezarretak. «Etxean urarekin zenbat lan egindakoak izango dira gure amonak?», galdegin du. «Adineko jendeak, bereziki emakumeek, ez dute zientzia ikasteko aukerarik izan, baina asko dakite».
Etxezarretak dio halako jardunaldiak zientzia zabaltzeko aukera paregabea direla, baita haurren artean ere. «Amonek, askotan, iloben zaintzaile lanak ere egin behar izaten dituzte. Etxean egiteko moduko esperimentuak direnez, haurrekin jolasean errepika ditzakete, eta beraiek ere ikasi». Asko, ordea, euren kabuz joaten dira: «Jakinmina da ikasteko oinarria, eta adineko jendeak jakinmin handia izaten du», baieztatu du Etxezarretak.
Iazko Zientzia Amonak jardunaldian 40 lagun elkartu ziren. «Oso publiko eskertua izaten da. Ikasteko eta parte hartzeko gogoa izaten dute», goraipatu ditu antolatzaileak. Aurten ere bete egingo da Asmube elkartea, eta antolatzaileek garaiz ibiltzeko eskatu dute lanak errazteko.
Martxoan, batzar orokorra eta ikuskizuna
Asmube emakume elkarteak urtean zehar egindako tailerren emaitzak erakusteko antolatzen duen jaialdia martxoaren 7an izango da, larunbatean, 17:00etan, Igartza jauregiko patioan.
Elkartearen batzar orokorra, berriz, martxoaren 11n izango da. 17:00etan dute hitzordua, Asmube elkartearen egoitzan. Zuzendaritza berrituko dute batzar orokorrean.
Hilaren 14an, berriz, Olaberrian bazkaria egingo dute. Beasaingo emakume guztiei zabaldutako bazkaria da. Nahi duenak Asmuberen egoitzan eman behar du izena.
Martxoa amaitzeko, hilaren 21ean, Asmuberen antzerki taldeak ikuskizuna eskainiko du Igartza jauregian. Aurtengoa antzezlan berezia izango da, hamargarren urteurrena baita.