Lapurditik dator inauteria aurten
Inaute igandeak kutsu berezia izango du aurten ere Legazpin; Sustraiak dantza taldeak Lapurdiko inauteriaren konpartsa kaleratuko du. Festak iluntzean amaituko dira, Lintx erreta.
Euskal inauterien dantza, doinu eta pertsonai gehienak ezagutzen dituzte dagoeneko legazpiarrek, 1991tik Sustraiak dantza taldeak kaleratzen duen konpartsari esker. Igandean, ehundik gora lagun kalera atera eta Lapurdiko inauteria dantzatuz eta antzeztuz, jai giroa zabalduko dute egun osoan zehar herriko auzo eta kaleetan.
Legazpiko inauteri konpartsak ibilbide luzea du. Sustraiak taldeko kide den Jon Dorronsorok nola sortu zen gogoan du: «Kaleko dantzak erakusteko ikastaroak egiten genituen garai hartan, fandangoa eta arin-arina bezalakoak; baina ikastaroetara etortzen zirenek praktikarako aukerarik ez zuten, eta gurekin, dantzariokin dantza egiten utziko al genien galdetu zuten. Horrela, horiei dantza egiteko aukera emateko atera genuen lehen konpartsa 1991n».
Gipuzkoatik Lapurdira
Hura, ordea, ez zen izan Legazpiko lehen inauteri konpartsa, aurreko urtean, herriko ikastetxeekin batera Abaltzisketako eta Amezketako Txantxoak kaleratu zuelako Sustraiak taldeak. 1991koa lehen konpartsa herrikoia izan zen, eta Gipuzkoako inauteriari eskaini zioten. «Dantzariok Hernaniko Azeri dantza egin genuen, eta ikastarokoek Jorrai dantza, fandango eta arin-arinarekin batera».
Esperientzia denen gustukoa izan zen, baita herritarrena ere, eta handik aurrera, urtero herrialde ezberdinetako inauteriak Legazpira ekartzea erabaki zuten, «gehienbat dantza duten inauteriak», dio Dorronsorok. Gipuzkoako Sorgin dantza, Iñude eta Artzaiak, Azeri dantza eta Jorrai dantza, Lapurdiko eta Luzaideko inauteriak, Zuberoako maskarada, Lantzeko inauteria… Guztiek izan dute tokia Legazpiko Inaute igandean.
Aurten, Lapurdikoa kaleratuko dute. Entseguak iazko azaroan hasi zituzten, eta asteazkenean egin dute azkena. Konpartsan 120 bat lagun aterako dira; erdiak baino gehiago dantzariak dira, heldu eta txiki batuta, dantzari asko daudelako taldean. Tartean izango dira musikariak, urte askoan laguntzaile izan duten Baralde txarangaren ondorengoa den Akelarrekoak. Errepertorioan, bederatzi dantza: makil handi, makil txiki, polkak, fandango,arin-arin, zapatain…
Laubiden egin dute hitzordua 11:00etan; handik desfilean Bikuña-eneara joango dira, gero Azokara, Plazaola kalera, eta Kale Nagusitik gora plazan amaituko dute goizeko saioa. Gizarte zentroan bazkaldu eta berriz ere kalera aterako dira 18:00 inguruan. Nafarroa kaletik eta Kale Nagusitik pasa eta gero, 19:00etan iritsiko dira plazara, eguneko jarduna amaitzeko.
Dena prest dago, baita gaur herriko inauteriak iragartzeko iritsiko den Lintx ere.
Lintx erreta, agur inauteria
Legazpiko inauterietan ezinbesteko osagaia da Lintx. Gaur, Ostiral Mehean iristen da, katamaloz lagunduta, jaien hasiera iragartzeko, eta igande iluntzean erre egingo dute, festak amaitzeko.
Inauteri guztiak zerbait erreta bukatzen direla azaldu du Dorronsorok, eta Legazpin ere ohitura hori bereganatu zutela gogoratu du, konpartsaren ekinaldia ixteko eta inauteriei agur esateko herriko plazan panpin erraldoi bat erreta. Panpin hari izena jarri zioten gero, Lintx.
Katamotzetik dator (lince, gazteleraz) Lintx izena, eta legazpiarren ezizenari, ilintxa-ri, ere egiten dio aipu. Panpinari izena jarri ondoren, Lintx pertsonaia ere sortu zuten, eta inauteriak agurtu ez ezik, jai horiek hasi ere egingo zituela erabaki zuten. Gaur 17:00etan iritsiko da herriko plazara hezur mamizko Lintx, katamalok lagunduta. Plazan bildutakoek, Asier Iriondok idatzitako koplak abestuz, pertsonai horiek uxatu egingo dituzte. Igandean aterako dira berriz ere plazara Lintx eta katamaloak, konpartsaren azken dantzekin batera. Gero, egun osoan kalez kale eraman duten Lintx panpina erreta, Legazpiko inauteriak amaituko dira.