«Edo prezioz behera saldu edo hondoa jo, ez dago beste irtenbiderik»
«Borrokan» ari dira Ezkioko Berroeta gaztandegikoak. Aurretik izan zuten kolpea gutxi ez -listeria kasuarena-, eta bigarren zaplaztekoa jaso dute koronabirusaren geldialdiarekin. Egoera beltz ikusten du Beñat Urkiolak, baina lanean jarraituko duela dio.
Zer moduz zaudete Berroetan?
Borrokan ari gara. Ahal dena egin, eta ez dago gehiago egiterik. Baina inor ez dago laguntzeko. Jendeak eta gobernuek esaten dute laguntzen dutela, baina inork ez gero. Edozein harategitara joan gure produktua saltzera, eta ematen du lapurretan ari zarela. Jarri prezio bat logikoa dena gure ustez, zer edo zer uzten duena, eta burutik behera barre egiten dizute. Edo prezioz behera saltzen duzu gazta, eta hondoa jotzen duzu, edo ez dago beste irtenbiderik.
Horren ezkorra da egoera?
Merkatuetan zerbait saltzen da, baina produkzio handia egin ezean, jai dago gu bezalako ekoizle txikientzat. Alfer-alferrik ari garela dirudi.
Aurretik kolpea jasota zeundeten, gainera, listeria kasuarekin.
Aurretik eduki genuen kolpe horrekin, ikusten ari naiz zein ari den laguntzen. Ikuspuntu beltza daukagu, esperientzia ona ez dugu izan eta. Baina lanean segituko dugu.
Lanean jarraitzeko gogoarekin, beraz?
Bestela, gurasoen orain arteko lana alferrik izango da, eta segitzeko gogoarekin gaude. Gazteentzako ez da erraza, ezer jakin gabe hasita; gurasoek laguntzen dute. Baina garaiak asko aldatu dira haienetik. Gaur dena interneta da, eta hor sartu ezean, zaila.