«Hainbeste gauza zapuztu dira!»
Euskal Jaietan murgilduta egon behar zuen Ordiziak, eta gaur azoka berezia eta gazta lehiaketa egingo ziren koronabirusik izango ez balitz. Jesus Mari Larizek atsekabetua bizi du egoera.
Euskal Jairik ez dago aurten.
Urte berezia da aurtengoa. Artzain Eguna pasa da, herriko festak ere bai… Eta orain Euskal Jaiak. Gauza asko joan dira koronabirusarengatik.
Nolakoak izango ziren Euskal Jaiak koronabirusik gabe?
Urteroko moduan aurreko ostiralean hasiko ziren, aurten irailaren 5ean, eta datorren igandean amaitu. Egun handia gaurkoa izango zen, azoka bereziarekin eta gazta lehiaketarekin, eta bestela, ekitaldiz beteriko egunak izango ziren.
Horrelako egitaraua ez da egun batetik bestera prestatzen. Pandemiaren aurretik ba al zenuten zerbait antolatuta?
Bai, gauza batzuk prestatuta edo hitzartuta zeuden, baina pandemia nola zetorren ikusita, jakitun ginen Euskal Jaiak agian ez zirela ospatuko, eta azkenean hala izan da, ezin izan da. Beraz, ekitaldi gehienak bertan behera geratu dira.
Gaurko azoka esaterako, betiko azoka da, ez da apartekoa.
Betikoa ere ez da, antolaketa aldatuta dagoelako pandemiagatik. Garai honetan azoka mantentzearen alde egin du udalak, eta saltzaileen eta erosleen aldetik erantzun paregabea jaso dugula esan behar da. Eta ez, gaur ez da egingo azoka berezirik.
Gazta lehiaketa bai, egingo da.
Bai, baina ostiralean, hilak 11, eta murrizketa handiekin. Beti-Alai pilotalekuan egingo da, baina publikoarentzako ateak itxita egongo dira, eta komunikabideak bakarrik sartu ahal izango dira. Lehiaketa hastean, parte hartuko duten gaztagileak ere sartu ahal izango dira, baina 12:00etatik aurrera finalistak bakarrik geratuko dira. Gonbidatu batzuk ere izango dira.
Ateak itxita egin daitekeen ekitaldi bakarra da gazta lehiaketa eta horregatik mantendu da. Abere lehiaketarik edo barazki eta fruta lehiaketarik ezin dira egin ateak itxita. Ez dute zentzurik, ekoizleek euren produktuak ezin badituzte saldu.
Beste urteetan bezalako ikusminik sortu al du lehiaketak?
Ikusmina egon badago, baina egun horretan Ordiziara ez etortzea eskatzen diogu jendeari, eta herritarrei pilotalekura ez hurbiltzea. Lehiaketa jarraitu nahi dutenek badute horretarako aukera, streaming bidez emango dugulako.
Honen guztiaren aurrean, zer sentitzen da?
Tristura, nostalgia, ezintasuna… Sentimendu asko nahasten dira, gauza arraroa da. Haserre ere banago, baina dagoena onartu behar da, aurrera egin behar da. Hainbeste urte horrelako ekitaldiak antolatzen ibili eta gero, nik ez nukeen inoiz pentsatuko aurten gertatutakoa gertatuko zenik. Hainbeste gauza zapuztu dira… Datorren urteari begira jarri eta aurten atzean geratu diren guztiak egiteko moduan gauden itxarotea besterik ez zaigu geratzen, ea gainditzen dugun. Denborak esango digu nola jokatu.
Noiztik zabiltza Euskal Jaiak eta Ordiziako gainerako ekitaldiak eta festak antolatzen?
1987an hasi nintzen, lehen aldiz udaletxean zinegotzi sartu nintzenean. Ordutik nabil lan hauek egiten, ia etenik gabe. 2018an jubilatu egin nintzen eta urte hartan ez nuen ia ezer egin. Hurrengo urtean hasi nintzen berriz, zinegotzi kargua hartu nuenean.
Lanetik jubilatu zinen, beraz, baina lanean jarraitzen duzu.
Bai. Jubilatu nintzen urte hartan danborrada eta beste ekitaldi gutxi batzuk antolatzen lagundu nuen, baina zinegotzi naizenetik udaletxean antolatzen den ia guztian parte hartzen dut, hori bai, orain boluntario gisa.
Zergatik?
Gauza askotan egon naiz sartuta, futbol klubeko lehendakari eta ordezkari izan naiz, guraso elkartean lan egin dut, mendi elkarteko lehendakaria izan naiz, Boxing elkartekoa ere bai, Klasikoaren antolakuntzan lan egiten dut…
Gazte-gaztetatik daramat odolean gauzak egiteko grina, egonezin hori… Egiten dudan guztia gustura egiten dut, eta gainera, sentitu egiten dut, ordiziarra naizen aldetik.
Lan asko izango da, baita orain ere, boluntario izanda.
Bai, baina nik uste dut denerako astia dudala, gauzak antolatzeko, bilobekin egoteko, denbora librea… Lana da, baina ondo antolatuta, eramangarria da.
Zein da zure ekitaldi kuttuna?
Nik danborrada maite dut bereziki, helduena eta haurrena. 16-17 urte nituenean hasi nintzen danborradan kupelak jotzen, eta 18rekin antolaketan sartu nintzen. Horregatik aurten oso samingarria izan da niretzat bi danborradak ezin egin izatea.
Festarik ez, Euskal Jairik ere ez, Ordizian izango da zerbait urte amaiera bitartean?
Bai, noski. Kirol ekitaldiak egongo dira, federazioek baimentzen badituzte behintzat, eta kultur ekitaldiak ere egingo dira. Gabonetakoak kolokan daude, zaila ikusten dut Olentzero, San Silbestre edo errege zamaldak egin ahal izatea. Ikusiko dugu.