Everest mendia, Ormaiztegiko azaroko mendi astearen iragarle
'Euskal espedizioa 1980, Everest' argazki erakusketa ikusgai izango da, gaurtik aurrera, Ormaiztegiko kultur etxean.
Azaroan egingo den Mendi Astearen aurrekari gisa, Euskal Espedizioa 1980, Everest argazki erakusketa izango da ikusgai gaurtik aurrera Ormaiztegiko kultur etxean.
Hainbat urte pasa dira 1980ko maiatzean euskaldunek Everesteko gailurra zapaldu zutenetik. «Urruntasun hori gerturatuko duen argazki sorta» da Ormaiztegin ikusi ahal izango den erakusketa honen ardatza, eta Euskal Espedizioa izenez ezaguna egin zen espedizio hura irudien bitartez ezagutzeko aukera eskainiko du.
Argazki erakusketa honetan, Everesteko gailurrerako bidean espedizioko kideek bizi izandako hainbat une izango dira ikusgai, «inoiz inon argitaratu gabeko irudi batzuen bitartez». Argazkiak, espedizioko kideak eta bertako mendiak erakusteaz gain, «orduko Nepalgo herri xehearen islada bat ere badira, gaur egun ezagutzen denetik urrun».