Ordiziarrez gain, zaldibiarrei ere PCR proba egiteko deia zabaldu die Osasun Sailak
Bihar Jakintza Ikastolako, Oianguren Insitutuko eta Goierri Eskolako ikasleek egingo dituzte testak. Ostegun eta ostiralean 13 eta 40 urte arteko ordiziar eta zaldibiar guztiak daude deituta.
Osasun Sailak 13 eta 40 urte arteko ordiziarrei PCR proba egiteko asmoa agertu zuen atzo, eta gaur, deialdi hori Zaldibiako herritarrei ere zabaldu die. Bihar, Ordiziako hiru ikastetxetako ikasleei egingo dizkiete testak, eta ostegun eta ostiralean, gainontzeko herritarrei.
Biharko, Jakintza Ikastolako, Oianguren Institutuko eta Goierri Eskolako ikasleak daude deituta. Kasu horretan, ikasleek ez dute osasun zentroan txandarik hartu beharko, eta ikastetxeak berak azalduko die noiz egin behar duten proba.
Ostegun eta ostiralean berriz, Ordiziako eta Zaldibiako 13 eta 40 urte arteko herritarrek egingo dute testa. Proba egin ahal izateko, aurrez eskatu beharko da hitzordua, Ordiziako Osasun Zentrora (943 00 76 35) edo Osasun Aholku zerbitzura (900 20 30 50) deituta.
Proba guztiak Beti Alai pilotalekuan izango dira, 13:00etatik 20:00etara bitartean. Emaitzak SMS bidez jakinaraziko dituzte, 72 orduko tartean.