Udalak 30.000 eurorekin indartuko ditu Bonodenda eta Bonoturismo kanpainak
Merkataritzari, ostalaritzari, jatetxeei eta interes turistikoko jarduerei zuzenduta daude Eusko Jaurlaritzaren bi kanpainak. Deskontu bonuak dira. Gaur amaitzen da izena emateko epea
Legazpiko Udalak beste 30.000 euro bideratuko ditu herriko ekonomia suspertzera, aurreko hilabeteetan 3K eta On Egin kanpainekin tokiko kontsumoa sustatzeko 112.000 euro jarri eta gero. 3K kanpainan, 75.840 euro erabili ziren Legazpiko saltokietan eta zerbitzu enpresetan, eta kopuru horrek 670.066 euroko erosketak eragin zituen. Bestetik, 1.780euro erabili ziren ostalaritzari zuzendutako On Egin kanpainan, eta horrn ondorioz, 4.733 euroko erosketak egin zituzten.
Oraingoan, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kaleratutako Bonodenda eta Bonoturismo kanpainetara atxiki da. Jaurlaritzak 5,7 milioi euroko ekarpena egin du bi kanpainetarako, eta udalei parte hartzeko eskaini dien aukera baliatu du Legazpikoak; 15.000 euro gehiago jarriko ditu Bonodenda garatzeko eta beste 15.000 euro Bonoturismorako.
Deskontu txartelak
Bonuak deskontu txartelak dira. Bonodenda kanpainan 10 euroko deskontua emango dute 30 euroko, eta merkataritzan erabiliko dira. Bonoturismo kanpainan ostalaritzan, jatetxeetan eta interes turistikoko jardueretako establezimendu eta enpresetan erabiliko dira bonuak, eta deskontuak 20 eurokoak izango dira hoteletan gastatutako 60 euroko, eta 5 eurokoak taberna eta jatetxeetan gastatutako 20 euroko.
Bi kanpaina horietan parte hartzeko izena eman behar dute saltokiek, tabernek, jatetxek eta ostatuek, eta gaur da horretarako azken eguna. Kanpaina honetan alarma egoeraren ondorioz bere jarduera eten egin zuten denda guztiek parte hartu dezakete, baita optikek eta produktu ortopedikoen, ekipo teknologikoen eta telekomunikazio eta telefoniako produktuen establezimenduek ere.
Erosleek, berriz, bihartik aurrera erosi ahal izango dituzte bonoak www.euskadibonodenda.eus eta www.euskadibonodenda.eus webguneetan.
Bonodenda eta Bonoturismo kanpainak abenduaren 31ra arte egongo dira indarrean, eta bete-betean hartuko dute Gabonetako erosketa denboraldia. Herriko ekonomiari bultzada emateko aukera paregabea izango dela eta, Legazpiko Udalak dei egin die bertako dendei, tabernei, jatetxeei eta ostatuei kanpaina horietan parte hartzeko.