Ostalariak, berriz ere itolarrian
Sektorea bereziki zigortu du jaurlaritzaren dekretu berriak. Goierriko ostalariek bidegabekeria eta ziurgabetasuna salatu dute. Herritarren babesa ere jaso dute asteburuan egindako protestetan.
Goierrikoak ez dira salbuespena. Azaroaren 7tik, itxita daude eskualdeko tabernak, kafetegiak eta jatetxeak, gutxi batzuk janaria etxera eramateko zerbitzua martxan jarrita lanean jarraitzen badute ere. Azaroaren 6an Eusko Jaurlaritzak argitaratutako dekretuak agindutakoa da, eta gutxienez hilaren amaierara arte iraungo du. COVID-19aren kutsatze maila altuaren aurrean hartu du erabakia jaurlaritzak, erabateko konfinamendua saihesteko eta Gabonetara «ahaliketa egoerarik onenean» iristeko.
Ostalaritzari dagokiona ez da dekretuan jasotako neurri bakarra, etxeratze orduarekin batera, beste hainbat muga ere ezartzen dituelako. Baina ezin da ukatu agindu horrek bereziki zigortzen duela aurrez ere kili-kolo zebilen sektorea. Jaurlaritzak diru laguntzak iragarri ditu kalteak arintzeko, baina bidegabetzat jotzen dute neurria ostalariek. Orain, negozioak itxita eta diru sarrerarik gabe, etorkizunari errezeloz eta kezkati begiratzen diote.
Bezeroek eta herritarrek orokorrean, babesa eta elkartasuna adierazi diete, eta horren erakusle dira azken egunotan Urretxun, Zumarragan, Legazpin eta Beasainen egindako manifestazioa eta elkarretaratzeak. Urretxun eta Zumarragan, gainera, astero manifestatzeko deia egin diete herritarrei eta merkatariei, larunbatetan, 19:00etan, Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuta.
Beasaingo Lauburu tabernako Claudia Tulak ostalaritzaren itxiera «bidegabea» dela dio,«ahalik eta hobekien» bete dituztelako eskatu zaizkien segurtasun neurri guztiak. Tabernak ixteko agindua bazetorrela ikusten zuen arren, «gaizki» hartu du erabakia, nahiz eta aldi berean, ulertzen duen guztien hobe beharrerako dela.
«Erabateko ziurgabetasuna» sentitzen du orain Tulak: batetik, langileei ABEE ireki edo ez erabaki behar du, zein laguntza izango dituen ez daki oraindik, alokairuari eta bestelako gastuei aurre egin behar die… eta susmoa du honek luze joko duela.
Egoera honetatik irteteko «denen artean» bultza egin behar dela uste du, eta penatuta dago «asko bidean geratuko direlako», errentari edo langileen gastuei aurre ezingo dielako egin.
Bezeroen aldetik jaso dituen animoak, bestetik, ez ditu ahazteko. Orokorrean herritarren babesa sentitzen duela dio, eta hori, «asko eskertzen da».
Herritarren babesa
Urretxuko Ezkurra kafetegi etagozotegiko Idoia Barbarinek erebezeroek erakutsi dioten jarreranabarmendu du, «emozionatuere egin nintzen ostiraleko ‘geroarte’-rekin». Larunbatean Urre-txu eta Zumarraga artean egin-dako manifestazioa ere gogoa du, «herritarren babesa dugulajakitea poztekoa da».
Barbarinek ez zuen espero ostalaritza erabat ixteko agindua, etxeratzeko ordua aurreratzea eta neurri gogorragoak jarriko zituztelakoan zegoen, eta ez zuen inolaz ere «zapatakada» hori espero, are gutxiago sektorekoek hartu dituzten segurtasun neurriak ikusita, eta kutsatze fokua ez direla jakina delako.
Bere kasuan, langile eta alokairu gastuak ez ditu, baina beste guztiak bai, eta horiei aurre egitea ezinezkoa da «sarrerak zero direnean». Laguntzak iritsiko direlakoan dago Barbarin, oraindik ezer askorik ez badaki ere, Urretxuko Udalak agindu duena izan ezik, eta hori «ongietorria izango da». Abenduan berriz ere martxan hastea espero du Ezkurrakoak, «ni oso baikorra naiz», dio.
Laguntzak sektorearentzat
Legazpiko ostalarien sentimendua ere antzekoa da. Xarpot tabernako Mikel Canterok kaleko eta Hegialdeko ostalarien izenean hitz egiten du, itxiera aginduaren zain zeudela eta ez dituela ustekabean harrapatu esatean, «baina kolpea gogorra izan da, eta asteburuan izanda, gainera, kaltea handiagoa izan da, denok generoz beteta genituelako biltegiak». Hala ere, sektoreari zuzendutako laguntzak izango direla eta, horrek «lasaitasun pixka bat» ematen diela aitortu du Canterok.
Ostalaritzaren aurkako neurri hau hein batean ulertzen duela ere onartu du, «taberna batera zoazenean, maskara kentzen duzu, erlaxatu egiten zara, jendea pilatzen da… Gu denok neurriak betetzen eta betearazten saiatu gara, baina beti ezin gara gainean egon». Horregatik dio «itxiera honek zerbaiterako balio izatea» espero duela, «guri bota digute errua eta gu zigortu gaituzte; zigor hori eraginkorra izango al da!».
Igandean legazpiarrek erakutsi zieten babes handia «sorpresaz» hartu dutela dio Canterok, eta oso pozik daudela guztiak. Babes hori beharrezkoa izango dute aurrera begira, Legazpikoek eta gainerako herrietako ostalariek.