Argazkiaren hilabetea
Legazpi Hiria lehiaketako sariak banatuko ditu gaur Ikatza elkarteak. Estatu osoko 50 partaide izan ditu, eta 223 argazki aurkeztu dituzte. Erakusketa egongo da hilaren 30era arte
Ikatza argazkilari elkartearen egun handia da gaur. Legazpi Hiria lehiaketaren 22. edizioko sariak banatuko ditu kultur etxeko areto nagusian, 19:00etan.
Guztira, 50 partaideren 223 lan jaso dituzte: 143 modalite librean, eta beste 120 libre baldintzatuan. Gipuzkoa, Bizkaia, Bartzelona, Errioxa, Murtzia, Zaragoza, Sevilla, Cuenca, Valentzia eta Madrildik iritsi dira lanak.
Saridunak
Libre ataleko irabazlea Diego Pedra izan da, Vecinos lanarekin, eta bigarrena, Santi Viladrich (Tendresa); biak Bartzelonakoak dira. Hirugarrena Cuencakoa da, Jose Ramon Luna de la Ossa, (Biosphere). Herri mailako saria Carlos Mediavillak jasoko du (Danza sobre el hielo). Mediavilla Argizaiola trofeoan parte hartzeko sailkatu da, Beasaingo Manu Barreiro (Faded) eta Gasteizko Oscar Manso (Sirenas) bezala.
Libre baldintzatua atalean, Donostiako Jose Angel Amutxastegi izan da irabazlea (Bruma), Bermeoko Iker Pardo (Mouro) bigarrena, eta Urretxuko Pablo Perez (Surfista) hirugarrena. Herri mailako saria Legazpiko Santiago Fernandez de Quincocesek irabazi du (Bidea). Lehen hirurak, gainera, Argizaiola trofeoan parte hartzeko ere sailkatu dira.
Irabazleen lanak ikusgai egongo dira kultur etxean bertan ekainaren 30era arte; erakusketan 50 lan izango dira guztira.
Buztintegiko ikastaroaBuztintegi jubilatu eta pentsiodunen elkartean ere argazkigintza landu dute azken bi hilabeteetan. Luis Mari Muruak ikastaro bat eman du, eta sei ikasle izan ditu. Datorren ostiralean, hilak 18, izango dute azken saioa eta bertan, ikasitakoaren laburpena eta partaideen argazkiak biltzen dituen bideoa ikusiko dute. Bideo hori publiko egingo dute ondoren. Muruak Buztintegin ematen duen bigarrena da ikastaro hau; 2016an ere eman zuen beste bat, eta orduan 13 ikasle izan zituen.