Giltzak, betaurrekoak eta arropa, legazpiarrek gehien galtzen dituztenak
Udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan eta Udaltzaingoan jasotzen dituzte kalean jendeak aurkitutako gauzak. Jabeek bertara jo dezakete zerbait galtzen dutenean. tere madinabeitia
Legazpiko Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak galdutako objektuen bulego gisa ere lan egiten du, eta bertan entregatu daitezke kalean aurkitutako gauzak, edo bertara jo daiteke galdutako gauza horien bila. HAZeko langileak arduratzen dira zerbitzu horretan bertan edo Udaltzaingoan entregatutako objektuak kudeatzeaz. Obkektu horien artean, giltzak, betaurrekoak eta arropa dira ugarienak.
Herritarren artean nahiko ezaguna den zerbitzua da objektu galduena, eta horren lekuko da bertan jasota dauden gauzen zerrenda. Objektu horiek erreklamatzeko 010 doako telefonora edo 943 73 70 30 zenbakira deitu behar da, galdu den hori udaletxean entregatu duten galdetzeko, edo zuzenean HAZera joan daiteke, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:00etara.
Objektuaren jabetza frogatzeko informazioa eskatuko diote eskaera egin duenari, eta horren ondoren bakarrik entregatuko diote.
Giltzak, betaurrekoak…
Udalak aste honetan kaleratu du bere webgunean azken asteotan jasotako gauzen zerrenda. Horren arabera, esan daiteke giltzak direla legazpiarrek gehien galtzen dituzten gauzak, baita kotxeenak ere. Betaurrekoak ere gehien galdutako objektuen artean daude, bai graduatuak bai eguzkitakoak, eta uda garaia hasi denetik, arropa ere bai, batez ere haurrena.
Bestela, baloiak, patineteak, bizikleta kaskoak, jostailuak eta, harrigarria badirudi ere, sakelako telefonoak ere jasota daude zerrenda horretan, lau zehazki. Bitxikerien artean, tablet bat eta makillaje nezeser bat aipatu behar dira.
Bitxiak edo balio handiko objektuak ere iristen dira zerrenda horretara noizean behin. Azken kasu horretan, objektua entregatzen duenaren datuak hartzen dituzte, bi urteko epean inork ez badu eskatzen, udaletxera eraman duenari ematen zaiolako.
Gainerako objektuak hiru hilabetez bakarrik gordetzen dira HAZen, eta horien zerrenda herritarrei helarazteko, udalak bere webgunean argitaratuko du aurrerantzean hil bakoitzaren amaieran (www.legazpi.eus).
Urteak dira Legazpiko Udalak galdutako objektuen zerbitzua martxan jarri zuenetik.