Haurren aisia euskaraz lantzeko, uda ikastaroek abiatu dute jarduna
Hiru astez, uztailaren 23ra arte luzatuko dira. Guztira 252 haur ari dira parte hartzen, 29 begiraleren zaintzapean. Ekintza ugari prestatu dizkiete, gehienak kanpoan egiteko.
Urte asko dira Legazpin San Fermin ospatzen hasi zenetik. Uda ikastaroan parte hartzen duten haurrek zuriz eta gorriz janzten dute herria urtero uztailaren 7aren inguruan, eta entzierro sinboliko bat ere egiten dute erdiguneko kaleetan, zezen eta guzti.
COVID-19aren eraginez, aurten txikiagoa izango da San Fermin festa, baina egin, egingo da. Ostirala da aukeratutako eguna, uztailaren 9a, eta gaur hasiko dituzte prestaketak. Entzierrorik ez da izango, baina arropa zuriak eta gerriko gorriak ez dira faltako, ezta zezenak ere, paperezkoak izango badira ere.
Haurren uda ikastaroa astelehenean abiatu zen, eta ostiraleko festa hori datozen egunetarako prestatutako ekitza sortako ale bat besterik ez da.
252 haur eta 27 begirale
Eguraldi bikainarekin abiatu zen astelehenean aurtengo ekitaldia, eta haurren algarek eta jolasek girotu zituzten aisialdi eskaintza hori aurrera eramateko udalak aukeratutako guneak. Koronabirusak aginduta, taldeak 10 lagunekoak dira, eta honela banatu dira: Haur Hezkuntza 2koak edo 2018an jaiotakoak, Laubideko Domingo Agirre eskolako hexagonoan daude; HH3koak, Latxartegiko Haztegi ikastolako eskola gunean; HH4koak, Latxartegi parkean, ikastolako sarreraren ondoan; HH5ekoak, ikastolako jolastokian, Agirre-Etxeberri parkearen parean; LH1-LH2koak, Azokan; eta LH3-LH4koak, Euskal Herria plazan.
Guztira 252 haur dira, eta uztailaren 23ra arte, 09:30etik 12:30era bitartean elkartuko dira aste egunetan, 27 taldetan banatuta. Udalak 30 pertsona kontratatu ditu euskarazko aisialdi eskaintza honetarako: 29 begirale eta zuzendari bat.
Ekintza ugari
Uda ikastaroa hasi aurretik prestakuntza saio bat egin dute begiraleek, eta San Fermin festaz gain, mailen araberako egitarau desberdinak prestatu dituzte. Eguraldiak laguntzen ez duen egunetarako barruan egiteko plan alternatiboak ere proposatu dituzte. Mendi txangoak eta inguruko txokoetara ibilaldiak, igerilekuko jarduerak, gymcanak, jolasak, eskulanak, margoketa, dantza, euskal jaia, ur jokoak, mozorro festa, birzibatukada… haurrek ez dute ezer faltako datozen egunetan.
Ekintza horietan guztietan haurrak euskaraz arituko dira, talde giro atseginean.