Legazpi Musika Banda oholtzara itzuliko da igandeko kontzertuarekin
Iazko ekainetik emanaldirik egin gabe daude musikari lekgazpiarrak. Ilusioz beteta eta errepertorio berriarekin datoz. Castillejo, Gipuzkoako banden ordezkari da Federazioan
Koronabirusaren erruz azken bi kontzertuen atarian jo gabe geratu eta gero, Legazpi Musika Banda oholtzara itzuliko da igandean. Kontzertua 12:30ean izango da, Haztegi ikastolako patioan, edo Urbeltz pilotalekuan eguraldi txarra eginez gero. Sarrerak aurrez hartu behar dira Kultur Etxean.
Iazko ekainean Hegialden eta erdigunean egindako kalejiren ondotik bandak egingo duen lehen emanaldia izango da, eta oraingoan koronabirusak ez du zapuztuko hitzordua. Lehen aldian, itxialdia ezarri zuten kontzertua baino bi egun lehenago, martxoan; bigarrenean, kultur eta bestelako ekitaldiak debekatu zituzten, urrian.
Kontzertu «konpletoa»
Jesus Castillejok zuzenduko du kontzertua. «Denak elkartzeko eta jotzeko gogoa genuen, ilusio handiarekin gatoz!», dio. Entsegu partzialak egin dituzte batez ere, bitan bakarrik elkartu da banda osoa. Emanaldian 40tik gora musikari elkartuko dira.
Lan egiteko modua aldatuta, baina «kontzertu berezia» prestatu dute, eta pieza gehienak berriak dira errepertorioan. Egitaraua bost lanez osatuta dago, «euskal musika, musika modernoa, soinu banda bat… kontzertu nahiko konpletoa izango da».
Banden euskal federazioa
Pandemia garaian musika ez da geratu, eta banden euskal federazioa sortzeko baliatu dute. Egoera honetarako protokoloak sortzeaz gain, ikastaroak, partiturak, trukeak, Euskal Herriko banda handi baten sorrera… proiektuak ugari dira.
Federazioan 20tik gora banda daude, eta Castillejo da Gipuzkoako banden ordezkaria.
Erromeriak berriz hasteko zain dauden gazteak
Iazko uztailetik jende aurreanjo gabe daude baita ere Kontuz! Erromeriya taldeko musikari gazteak. Baina erromeriaz erromeria abiatutako ibilbide oparoan geldialdi luze honen ondoren, prest daude berriz ere etorriko diren festak eta kontzertuak alaitzeko.
Uztakalen parte hartzeko gonbitea jaso zutenetik, entseguetan murgilduta egon dira Ane Arrizabalaga bere trikitixarekin, Alazne Leatxe eta Jon Altolagirren gitarrekin, Xabi Ugarte baxuarekin eta Jon Unzurrunzaga bateriarekin; Anek eta Alaznek prest dituzte ahotsak gainera. Pieza berriak sartu dituzte lehendik zuten errepertorio zabalean.
Bihar dute publikoarekin hitzordua, 18:30ean, Agirre-Etxeberrin. Ondoan, Elorrioko Estutu taldea eta haren punk-rock eta oi doinuak izango dituzte. Sarrerak, Kultur Etxean.














