Aparkalekuak hizpide
Ordenantza berria osatzeko parte hartze prozesua amaitu da. Herritarrek bost ekarpen egin dituzte, eta EH Bilduk beste bederatzi. Negoziazio politikoaren txanda da orain
Herritarren ekarpenak jasota, aparkalekuen ordenantza berritzeko prozesuak parte hartze fasea gainditu du, eta hurrengo etapan sartu da. Udalaren www.legazpi.eus webgunean daude ikusgai ordenantza proprosamenari legazpiarrek egindako ekarpenak, eta orain negoziazio politikoaren txanda dator.
Ekainaren 24tik uztailaren 6ra bitartean egon da irekita ekarpenak egiteko epea, eta tarte horretan bi bilera egin dituzte udal ordezkariek herritarrekin, ordenantza zaharrean egin nahi dituzten aldaketak aurkezteko. Guztira bost ekarpen jaso ditu proposatutako dokumentuak, eta horiez gain, EH Bilduren udal taldeak ere hainbat ekarpen egin ditu.
Herritarren parte hartzeko prozesua amaituta, negoziazio politikoarena hasi da. Ondoren, aparkalekuen gaineko ordenantza berriari hasierako onarpena emango diote iraileko osoko bilkuran, eta jendaurrean jarriko da behin-behineko dokumentua, alegazioeak egiteko epe bat irekiz. Hasieran onartutako testuari alegazioak aurkezten badizkiote, ordenantza berriz ere osoko bilkurara eraman beharko da, behin betiko onar dadin.
2015eko ordenantza
Orain tramitatzen ari den ordenantza berria 2015etik indarrean dagoena ordezkatzera dator. Araudi zaharrean Euskal Herria plazako aparkalekua eta Kultur Exeko txandakako aparkalekua sartzen dira bakarrik. Berriak, paper fabrika zaharreko gunea eta Juanastegi eta Plazaola kaleetako txandakako aparkalekuak ere jasoko ditu.
Paper fabrikako gunea handitzea eta berrantolatzea proposatzen dute ordenantza berrian, baita Juanastegin eta Plazaolan txandakako aparkaleku gunea zabaltzea eta bertako biztanleentzako sistema berezia sortzea ere. Azkenik, Plazaola kaleko zama lanetarako guneak berrantolatuko dituzte, eta plazako aparkalekuko baldintzak ere aldatuko dituzte.
Aldaketa horiez gain, herritarren eta EH Bilduren ekarpenak ere aztertuko dituzte, behin betiko dokumentua osatzeko.
Herritarren ekarpenak
· Laubideko Eroski parea. Txandakatzea ezartzea, ordubeteko mugarekin, inguruko dendetara joatea errazteko.
· Lanaren Hiribidea. Aste egunetan langileek Urola pareko aparkalekuak betetzen dituztenez, bizilagunentzako plaza batzuk erreserbatzea.
· Plazako aparkalekua. Ordainketa sistema aldatzea, gertukoak zigortuz eta urrutikoak lagunduz, garaje gisa ez erabiltzeko.
· Plazako aparkalekua. 21:00etatik 08:00etara garaje gisa erabiltzea, eta plaza batzuk horretarako egokitzea alokairu baten truke.
· Egoiliarrentzako aparkalekuak. Plazaolan bezala, Legazpiko beste leku batzuetan egoiliarrentzako aparkalekuak jartzea.