Ospatuko ez diren festak gogoratzeko, bertsoak Ataun San Gregorion
Festen ordez, hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko, tartean Maddi Aiestaran, Maialen Akizu, Andoni Egaña eta Aitor Sarriegiren bertso saioa. Goizean magia ikuskizuna izan dute haurrek, eta iluntzean musika izango da.
Leku guztietan bezala, Ataun San Gregorion ere ez da festarik ospatuko aurten, baina auzotarrek ez dituzte ahaztu nahi, eta horregatik, kultur ekitaldi sorta antolatu du Jai Batzordeak gaurko. Zelai pilotalekua izan da elkargunea.
Eguerdian hasi dira ekitaldiak, haurrei zuzenduta Eleder magoak egindako magia ikuskizunarekin.
Arratsaldean bertsoen txanda izan da. Maddi Aiestaranek, Maialen Akizuk, Andoni Egañak eta Aitor Sarriegik 130etik gora bertsozale elkartu dituzte pilotalekuan.
Azkenik, 20:00etatik aurrera musika emanaldia izango da. Tirokatuak taldea eta Sara Zozaia abeslaria ariko dira.