Urola futbol elkarteak ekipazio berria aurkeztu du
Klubaren 50. urteurrenaren aitzakian aldatu dute arropa, jokalari guztien artean hautatuta. Aurkezpena Luis Urdangarin zelaian egin da, Zumarraga-Urretxu Torneoa hasi aurretik. Ohiko lore eskaintza ere egin diote Antioko amabirjinari.
Urola futbol klubak gaur goizean hasi du denboraldia, Luis Urdangarin zelaian taldeen ekipazio berria aurkeztuz eta Zumarraga-Urretxu Torneoari hasiera emanez. Ohiturari jarraituz, Antioko amabirjinari lore eskaintza ere egingo diote.
Ekipazio berria aurkezteko ekitaldian klubeko talde guztietako jokalarien ordezkariek parte hartu dute, Jotxin Iturbe eta Amaia Aranburu lehendakari eta lehendakari ordearekin batera. Iturbek adierazi duenez, hastera doan denboraldia “berezia” izango da, klubaren 50. urteurrena ospatzen delako, eta horregatik, hain zuzen erabaki dute ekipazio berria egitea. Donostiako Negua enpresak egin du lana, hasieran egindako proposamenen artean klubeko kide guztiek aukeratutakoarekin- “Horrek erakusten du guztiek talde berdina, kamiseta berdina eta balore berdinak defendatzen ditugula” esanez amaitu du lehendakariak, jokalari guztiei denboraldirako animoak eskainiz.
Talde guztiek ekipazio berdina dute, horia eta urdina, eta laguntzaileen izenak bakarrik aldatzen dira. Amaia Aranburuk gogoratu du laguntzaileen zerrenda: Plazaola iturgintza, Talleres Lodi, ATA harategi-urdaiteia, Ayma, Elur-Aipatu, Eraiki Mecanizado, Premank eta Riza.
Torneoa, gaur eta bihar
Arropa berriaren aurkezpena eta gero, torneoaren lehen partidari eman zaio hasiera. Aurretik, aste honetan bertan klubeko bazkide zen Josetxo Goenagaren heriotza gogoratzeko minutu bateko isilunea egin dute zelaian. Urola eta Arizmendi klubetako nesken ohorezko mailetako neskek jokatu dute, eta 1-4 emaitzarekin galdu dute etxekoek.
Torneoak arratsaldean jarraitu du, ohorezko mailako mutilen arteko partidekin. Urola, Touring eta Ilintxak jokatu dute, eta Touring taldeak irabazi du txapelketa, Urola bigarren sailkatu da eta Ilintxa hirugarren. Hiru norgehiagoken emaitzak hauek izan dira: Ilintxa 0 – Touring 3, Urola 2 – Touring 4 eta
Urola 3 – Ilintxa 0.
Txapelketa igandean amaituko da, infantil mailako partidekin: 10:00etan Arnedo eta Real Sociedad neurtuko dira, 10:5ean Urola eta Osasuna, 11:30ean 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida, eta 12:45ean, finala.