«Indartsuago borrokatzeko» unea da Goierriko Pentsiodunentzat
Pentsio duinen aldeko aldarria kaleetan da berriro. Asteleheneroko deialdiez gain, urriaren 1erako eta azaroaren 23rako mobilizazioak deituko dituztela aurreratu dute
Pentsio publiko duinak exijitzeko elkarretaratzeak egiten hasi dira berriro Goierrin, abuztuan etena egin ostean. Honela, herritar ugari batu dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta Goierriko Pentsiodunek egindako azken deialdira, Goierri behean, Ordizian eta Goierri goian, Urretxu-Zumarragan.
Duela hiru urte pasatxo hasi ziren pentsiodunen mugimenduak kaleko mobilizazioekin. Ordutik, nekaezin, astelehenero aldarriak kalera atera dituzte, eta horretan jarraitzen dute. Denborak aurrera egin ahala, «indar handiagoz borrokatzen jarraitzeko» beharra ikusten dute gainera. Izan ere, eta asteleheneko bilkuran adierazi zuten moduan, «premiazkoa da, Espainiar Estatuko Gobernu Kontseiluak abuztuaren 24an onartutako pentsioak erreformatzeko lege-proiektuan jasotzen diren murrizketa berriak baztertzea».
Honela, urriaren 1a, adineko pertsonen eguna, «kalera atera, eta adinean aurrera egin ahala eskubideak ez direla iraungitzen adierazteko eta mendekotasunari eta zaintzari arreta emateko zerbitzu publiko unibertsalak esktzeko» baliatuko dute.
Azaroaren 13rako ere mobilizazioak deitu dituzte. Egun horretan, Hego Euskal Herriko kaleak bete nahi dituzte, pentsio duinen aldeko ahotsa ozen entzun dadin. Pentsiodunen mugimenduak garbi du: «Gure argudioekin eta mobilizazioekin erakutsi dugu Pentsioen Sistema Publikoa guztiz bideragarria dela, eta lortu dugu pentsioen errebalorazioa bizi kostuaren hazkundearen arabera egitea. Baina abuztuaren 24an onartutako Lege Proiektuaren edukia ezagutu ondoren, salatu nahi dugu, 2011ko pentsio erreformak indarrean jarraitzen duela, pentsioak urtez urte murriztuz, Iraunkortasun Faktorea izenez bakarrik aldatuko dela, gure aldarrikapenak ez direla kontuan hartu eta ez direla bete».
Murrizketa berrien beldur
Gaineratu zuten, «Toledoko Ituna, Elkarrizketa Sozialerako Mahaia eta Gobernuaren Lege Proiektua ez dira tresna izan pentsiodun gehienen beharrak asetzeko; gomendio eta akordioek aurreko murrizketa ia guztiak mantentzen dituzte, eta murrizketa berriei ateak zabalik uzten dizkiete». Pentsiodunen esanetan, «helburua da, pentsioak berriro murriztea eta lan bizitza luzatzea».
Pentsioetan bakarrik ez, beste zerbitzu publikotan ere «murrizketak» izan direla salatu dute, eta kezkatuta daude «herritarren bizi kalitatean eragingo duelako». «Murrizketak egin dituzte osasunean, eta zerbitzu soziosanitarioetan, zuzeneko arretako zerbitzuetan, bankuak pandemia baliatzen ari dira sukurtsalak ixteko eta arreta pertsonalizatua murrizteko, elektrizitatearen monopolioak argiaren ordainagiria handitu du,…». Horrek guztiak, «gizartearen pobretzea» dakarrela salatu dute Goierrin ere.
Erakundeei eskaera
Gertatzen ari den guztiaren aurrean irtenbideak behar direla eta, Espainiako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gobernuei eskatu diete, «beharrezko guztia egin dezatela 2011ko eta 2013ko pentsioen, eta 2010eko eta 2012ko lan kontratuen erreformak behingoz indargabetzeko; kalitatezko enpleguak sor ditzatela langileen bizitza duintzeko; eta Gizarte Segurantzaren diru sarrerak hobetu ditzatela gaurko eta etorkizunerako pentsio publiko duinak bermatuz».
Elkarretaratzeak
Elkarretaratzeen egutegia ere gogorarazi dute: Goierri behean, hilak 6, Lazkaon; irailaren 20an Ordizian; eta irailaren 27an Beasainen. 11:00etan egingo dute. Goierri goian, Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan, astelehenero, 11:30ean.