Legazpi eta Madril, txistuak lotuta
Goiz Deia txistulari bandak kide berri bat du: Madrilgo Iñaki Mendinueta Garin. Legazpikoa zuen ama, eta familiak tinko eutsi dio herriarekiko loturari. Iñaki urtero etortzen da bisitan.
Goiz Deia txistulari bandaren azken kalejirak gonbidatu berezi bat izan zuen. Abuztuaren 27an Legazpin zela baliatuz, Iñaki Mendinueta Garin madrildarrak bandaren gonbidapena onartu zuen, eta Brinkola aldera joan zen gainerako taldekideekin txistua jotzera.
«Oso esperientzia polita» izan zela adierazi du egun batzuetara Madrildik. Han jaio zen eta han bizi da, baina Legazpirekin lotura estua du, ama bertakoa zelako eta gazte denboran herrian egindako lagun kuadrilla gordetzen duelako oraindik. Orain, lagun gehiago egin ditu txistuaren bitartez, eta Goiz Deiako kideekin hasitako harremana gehiago estutuko duelakoan dago.
Legazpiko familia
Madrilen jaio zen Iñaki 1964. urtean, lau senideetatik gazteena da. Urte batzuk lehenago hara joan zen bizitzera familia, aitaren lan kontuak tarteko. Juan Jose Mendinueta aita Berastegikoa zen, eta Mari Carmen Garin ama, Legazpikoa, Ordiziatik joandako Fermin Garin okinaren alaba. Iñakiren anaia zaharrena ere Legazpin jaio zen.
Baina familia Madrilen bizi bazen ere, tinko mantendu zuen Legazpirekiko lotura. «Nire haurtzaroko eta nerabezaroko udako eta Gabonetako oporrak amaren herrian igaro nituen; aukera zegoen guztietan joaten ginen Legazpira», gogoratu du. Kuadrilla ere egin zuen, eta oraindik mantentzen du harremana. Ezkondu zenean ere jarraitu zuen udako bisita egiten, amak azken urteak jaioterrian igaro zituelako. «Gaur egun gutxiago joaten gara, ama eta izebak hil zirelako, eta ia lehengusurik ere ez delako hor bizi».
Hala ere, ez du kontaktua galdu, eta urtero lauzpabost egun igarotzen ditu bertan. Azken egonaldian, Legazpira itzultzeko aitzaki berri bat aurkitu du gainera: txistua.
Txistua Donostian ikasia
Iñakik txistua jotzen Donostiako kontserbatorioan ikasi zuen, Ansorenarekin, eta gaztetan aukera izan zuen Legazpin kontzertu batzuetan parte hartzeko. «18-19 urte nituela, parrokian jo nuen txistu eta organo kontzertu batean». Beste kontzertu batean ere parte hartu zuen, Artzain Onaren elizan, «Arantxa Rodriguez, Marta Zabaleta, Juan Cruz Diaz de Garaio eta Xabier Barriolaren abesbatza ere izan ziren». Baina txistulari bandarekin ez du aurten arte inoiz jo.
Beti izan du herriko txistulariekin harremana, Aitor Madinarekin batez ere, baina inoiz ez du aukerarik izan legazpiarrekin jotzeko. «Udan joaten nintzen egunetan ez zuten kalejirarik egiten». Aurten posible izan da, eta Brinkolan jotzeko aukera «oso pozik» hartu zuen, «goiz hartan asko gozatu nuen». Hemendik aurrera ahal duenean ere aterako da Goiz Deiakoekin.
Madrilgo Euskal Etxean
Goiz Deiak txistulari berri bat du orain bandan, madrildarra, eta Madrilgo Euskal Etxean jotzen duena gainera. Izan ere, Iñaki Euskal Etxeko bazkide izateaz gain, urte askoan bertako txistulari bandako zuzendaria izan da, eta orain kolaborazioak egiten ditu noizean behin. Madril hiriburuko zentroan dagoen San Ignazio elizan ere jotzen du okasio berezietan.
Brinkolako kalejiraren ondoren egindako hamaiketakoan, legazpiarrak Madrilera joateko aukeraz hitz egin zuten. Iñakiren bitartez, dena da posible.