Erosketarekin ados, egiteko moduarekin ez
Eusko Jaurlaritzak ArcelorMittal enpresak Zumarragan duen lantegia erosiko duela iragarri zuen joan zen astean. Alderdiak eta sindikatuak erosketarekin ados daude, baina ez egiteko moduarekin.
Joan zen astean Eusko Jaurlaritzak ArcelorMittal enpresak Zumarragan duen lantegia erosiko duela jakin zen. Ordutik, alderdi eta sindikatu gehienek agerraldiak egin dituzte beraien iritzia emateko. EAJ da operazioarekin erabat ados dagoen bakarra. Gainontzekoek erosketari oniritzia eman diote, baina lan egiteko moduarekin eta erosketaren baldintzekin ez dira ados agertu.
Zumarragako gobernu taldeak (PSE-EE) prentsaurrekoa eman zuen joan zen ostiralean. Mikel Serrano alkateak ArcelorMittalen lursailerako lantzen ari diren egitasmoa aurkeztu zuten. Plastic Energy enpresak Zumarragan birziklapen lantegi bat irekitzeko asmoa azaldu du eta Europako Next Generation egitasmoko diru-laguntzak jasotzea espero dute.
Eusko Jaurlaritzak ArcelorMittalekin lursaila erosteko akordioa lortu izana txalotu eta udalak lursail hori garatzeko «erraztasun guztiak» jarriko dituela gehitu zuen, baina orain arte Gasteizko gobernuak biziberritze prozesuan ez duela parte hartu eta salerosketaren berri komunikabideen bidez izan duela salatu zuen. «2016tik egindako bidea konplexua izan da, baina Zumarraga ez da bakarrik egon: Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo ministerioarekin eta aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako departamentuarekin lan egin dugu». Azken bilera asteartean egin zuten, Madrilen.
Egun berean, EH Bilduk prentsa ohar bat bidali zuen. ArcelorMittalen lursailetarako proiektuak zehazteko, erakunde eta eragileen arteko lan mahaia eratzea beharrezkoa dela uste du. Eraldaketa soziala eta ekonomikoa martxan jartzeko aukera dela deritzo. «Urola Garaiko Lehiakortasun Estrategian zehaztutako erronkak lortzeko lan egin beharko genuke, jarduera ekonomiko berriak martxan jartzeko».
LAB sindikatuak ere bere iritzia eman du. LABen ustez, erosketa horrekin industriaren trantsizioa nola ez den egin behar erakutsi du Eusko Jaurlaritzak. Sindikatuak erosketaren berri komunikabideen bidez jakin duela eta deskontaminazioa jaurlaritzak ordainduko duela salatu du. «Lan erreformaren bidez ehunka lanpostu desagertzearen truke saria eman zaio ArcelorMittali, 2021. urteko lehen 6 hilabeteetan 5.312 milioi euroko irabazi garbia izan duen multinazionalari».
Atzoko prentsaurrekoa
Bukatzeko, atzo goizean Elkarrekin Podemos IUk prentsaurrekoa egin zuen Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Ines Benitez zinegotziak eta Jon Hernandez legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzak ArcelorMittali «oparia» egin diola kritikatu zuten eta lursaila kalitatezko enpleguak sortuko dituzten enpresa berdeak erakartzeko erabiltzea eskatu zuten.
Beraiek ere salerosketaren berri komunikabideen eskutik izan zutela esan zuten eta Eusko Jaurlaritzari «gardentasun falta» leporatu zioten.













