Igiruako pago mugarratuak zaintzen
Garai batean gizakiak zura lortzeko moldatutako pagoen balio kulturala eta naturala zaintzeko, inguruko beste zuhaitzez soildu eta biziraute konpetentzia kendu diete, Ausa Gaztelu bizkarrean.
Baso autoktonoa indartzeko, eta batik bat pago mugarratuen iraunkortasuna ziurtatzeko, zenbait esku hartze egin ditu udalak Zaldibiako Igirua herri mendian. Zuhaitz mota horien inguruan zeuden landare eta arbola exotikoak moztu dituzte, soiltze horrekin pagoei toki eta arnasa gehiago uzteko, eta, horrenbestez, osasun egoera hobetzeko.
Ausa Gazteluren bizkarreko lur sail bat da Igirua, eta neurri handiko pago mugarratu batzuk mantentzen dira han. «Zuhaitz hauek, ondare kultural handia izateaz gain, biodibertsitatearentzat ere balio berezia dute», azaldu du Zaldibiako Udalak.
Zurgintzarako moldatuak
Izan ere, garai batean gizakiak zura lortzeko birmoldatutako zuhaitzak dira pago mugarratuak. Arbola erabat moztu gabe, adarretatik lortzen zuten egurra, gaur dauden aleak sortzeraino.