Mugikortasunaren Europako Astea, bizikletaren inguruan Goierri garaian
'Apaindu zure bizikleta' tailerrak egingo dituzte Legazpin eta Urretxu-Zumarragan. Bizikleta arrunta elektriko nola bihurtu erakutsiko dute. Legazpin, martxarik ez
Bizikleta apaintzeko tailerrak izango dira aurtengo Mugikortasunaren Europako Astearen oinarria Goierri garaian. Legazpi, Urretxu, Zumarraga eta Ezkio-Itsasoko udalek eta Uggasa garapen agentziak antolatuta, Apaindu zure bizikleta kanpaina burutuko da gaur hasi eta hilaren 25era arte.
Urteak dira Goierri garaiak bat egiten duela Europa mailako ekimen horrekin, eta bizikletaren erabilera bultzatu dute bertan bereziki. Orain arte tailer mekanikoak, bizikletan ibiltzen ikasteko helduentzako ikastaroak, bigarren eskuko azokak edo jardunbide egokien sariketak egin dituzte. Aurten, bizikleta apaintzea proposatu dute.
Bizikleta pertsonalizatzea
«Txikienen jostailu edo kirola egiteko tresna izatetik harago, garraiobide bat eta mugitzeko modu bat ere bada bizikleta», Uggasako Josune Makaia teknikariak azaldu duenez. Hori dela eta, bere erabilera ohiko bihurtu nahi dute, eta helburu hori lortzeko bidean, ibilgailu horri eskani diote aurten ere Mugikortasunaren Europako Astearen inguruan prestatutako egitaraua.
Bizikleta eguneroko jardueretarako ibilgailu erraza, eraginkorra eta irisgarria dela gogoratu du Makaiak, «erosketak egiteko, lanera joateko, seme-alabak eramateko edo jasotzeko…» erabili daiteke.
Aurten bizikletaren estetikaren eta funtzionaltasunaren ikuspuntua landuko dute, eta bost tailer egingo dituzte Legazpin eta Urretxu-Zumarragan Apaindu zure bizikleta izenburuarekin.
Tailerretan, begiraleen laguntzarekin, bizikleta «tuneatzeko» aukera izango dute bertaratzen direnek. Hala, koloretako pegatinak egin ahal izango dituzte, fruta kaxaren bat jarri parrillan, poltsa edo motxilaren bat berrerabili eta erantsi… Bizikleta pertsonalizatuak sortzea da helburua, « politagoak, funtzionalagoak eta praktikoagoak».
Bizikleta elektrikoa
Bestetik, Goierri garaiko mugikortasunaren aste honen barruan, ohiko bizikleta bat elektriko bihurtzeko gakoak azaltzen dituen publierreportajea ere emango dute argitara. Lau herrien eta Uggasaren webguneetan egongo da ikusgai, eta Urola Telebistan egunero emango dute eguerdian eta gauean.
Legazpin, azkenik, aurten ere ez da egingo bizikleta martxarik.
Bizikleta tailerrak
LEGAZPIN
· Gaur: Euskal Herria plazan, 17:00 – 19:30.
· Bihar: Laubide kalean, 17: 00-19: 30.
· Larunbatean: Euskal Herria plazan, 11: 00-14: 00.URRETXU-ZUMARRAGAN
· Irailak 24, ostirala. Areizaga-Kalebarren plazan, 17:00-19:30.
· Irailak 25, larunbata. Areizaga-Kalebarren plazan, 11:00-14:00 eta 17:00-19:30.