Formak, Velascoren eskulturen inspirazio iturri
Margo lanekin hasi zuen ibilbidea Velascok arte munduan, baina eskultura lantzen du batez ere gaur. Formetatik abiatuta egiten du lan, konposizioak osatu arte. Horietako 20 jarri ditu ikusgai Kultur Etxean.
Hiru eremutan sailkatuta jarri ditu ikusgai Alberto Velascok bere azken eskultura lanak Kultur Etxeko aretoan. Simbolos, el mar y cosas (Sinboloak, itsasoa eta gauzak) da erakusketaren titulua, eta hilaren 22ra arte egongo da ikusgai.
Erakusketaren izenburu berarekin jakin daiteke Velascoren eskulturen ezaugarriak zeintzuk diren. Lehen partean guztiak sinboloak dira, «formek edo koloreek osatzen dituzten sinboloak». Aingeru baten hego zuriak edo guztia ikusten duen begia dira formetako batzuek iradokitzen dutena. Koloreek, beste esanahi batzuk transmititzen dituzte: ikurrinaren koloreak, LGTBi mugimenduaren ortzadarra…
Bigarren partea itsasoari eskainia dago, «itsasoan jasotako elementuren bat dutelako eskultura guztiek». Bere lanetarako, esku artean dituen materialen formetatik abiatzen dela dio, «batzuetan aurrez dudan ideia bati jarraituz, baina normalean formak dira eskultura gidatzen dutenak». Erakusketaren zati honetan, itsaso bazterrean jasotako egur zatiak, harriak, beira, burdin puskak… erabili ditu konposizioak egiteko.
Hirugarren zatia gauzez osatuta dago, jatorri desberdineko elementuekin egindako eskulturak dira. «Nire semeak lan egiten duen tailerrean atzera utzitako burdin zatiak eta ebakinak, kalean eta beste leku batzuetan jasotako egur zatiak, adreiluak…».
«Forma berezia dutelako edo forma horrek zerbait esaten didalako, gauzak biltzen joaten naiz eta gorde egiten ditut, gero lantzeko, beste gauzaren batekin elkartu eta eskultura bat osatzeko». Hori da Velascoren lan egiteko modua, «materialak dira sortze prozesuko dinamika markatzen didatenak».
Nere Kaiola baserrian ditu gordeta pieza horiek, eta bertan egokitu duen tailerrean sortu ditu erakusketako 20 eskulturak, «pandemia garaian guztiak». Erakusketa jendearen gustuko izatea nahiko luke, «ikusten direnak ez daitezela epel atera». Eskulturak salgai daude.
Pazientzia gutxiko artista
Artearekiko zaletasuna betidanik izan duela dio Velascok, «txikitan nahiko trebea nintzen, eskolan eskulanak asko gustatzen zitzaizkidan». Gaztetan ez zuen izan zaletasun hori lantzeko aukerarik, lan ordutegiengatik, eta Legazpiko Udalean obretako arduradun nagusi gisa lanean hasi eta bizitza ordenatuagoa eta denbora libre gehiago izan arte, ez zion heldu jarduera horri.
Margoarekin hasi zen, eta urte batzuk egin zituen Esther Agirreren klaseetan, «baina pazientzia gutxikoa naiz, eta pinturak denbora eskatzen duenez, eskulturara egin nuen salto, emaitzak azkarrago ikusten direlako».
Formak izan dira beti Velascoren inspirazio iturri, eta egurra gustatzen zaio bereziki, batez ere hondartzetan aurkitzen duena. Asturiasko Ribadesellako ibaiadarra du gustukoena materiala biltzeko: «Forma guztietako egur zatiak, makilak, sustrai eta guzti iritsitako zuhaitzak… Motozerra eta kamioi handia hartuta joango nintzateke». Hondartzatik bezala, edozein lekutatik jasotzen du zerbait esaten dion forma berezi hori, edozein materialekoa izanda.