Plazaolan ingurukoentzako egokitutako plazak, aparkaleku ordenantzaren berrikuntza nagusia
Legazpiko Udalak hasierako onespena eman dio ordenantza berriari. Ordainpeko bi aparkalekuetan ere aldaketak aurreikusten ditu. Laubide eta Fleming, bi gune berri.
EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSE-EEren eta Legazpiko Berdeen abstentzioekin, irailaren 29ko udalbatzan hasierako onespena eman dio udalak udalerrian aparkatzea arautuko duen ordenantza berriari.
Dokumentua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta hilabeteko epea irekiko da alegazioak egiteko. Alegaziorik aurkezten ez bada, ordenantza behin betiko onartuko da. Alegazioak badaude, berriz, horiek aztertu eta hurrengo plenoan emango diete erantzuna.
Berritasunak
Ordenantza berrian hainbat berritasun jaso dituzte, eta nabarmenena Plazaola kalean Legazpiko erdiguneko biztanleentzat egokitutako eremua da, 68 plazakoa, Plazaola 1-11 artean. Erdiguneko biztanleek txartela eskuratu beharko dute udaletxean gune horretan aparkatzeko.
Euskal Herria plazako aparkalekuan ere aldaketak daude. Legazpiarrek gehienez bi orduz aparkatu ahal izango dute dohainik. Paper fabrikakoa, dohainik izango da egun osoan.
Azkenik, bi gune berri izango dira denbora mugarekin aparkatzeko, Laubiden Eroski parean, eta Fleming kalean BM inguruan.