Zine kluba, 50 urte zinema legazpiarrei gerturatzen
Legazpiko zine klub elkarteak 50 urte betetzen ditu aurten, eta herritar guztientzat ostiralean plazan eskainitako emanaldi batekin abiatu ditu ospakizunak. Zinema zaleen munduak bizirik eta indartsu darrai.
Herriko plaza zine areto erraldoi bi- hurtu zuen joan den ostiralean Zine Klub Legazpik, eta Charles Chaplin handiaren El chico filma proiektatuz, hasiera eman zion elkartearen 50. urteurreneko ospakizunari. Egitaraua ez dute erabat osatu oraindik, baina izango dira ekitaldi gehiago. Hilaren amaieran Lenbur Fundazioarekin batera antolatutako zinemaren historiari buruzko erakusketa da horietako bat, eta 50 urte horietan zine klubetik igaro direnen topaketa beste bat. Horiez gain, elkartearen historia jasotzen duen argitalpen bat ere aterako dute.
Mende erdiak askorako ematen du, eta zine klub taldeak gorabehera asko izan ditu denbora horretan: zine emanaldien izaeran, f untzionamenduan, aretoetan, bazkidetzan, zuzendaritzan, proiekzioen maiztasunean, teknologian… Baina hutsik egin ez duena eta aldaketarik izan ez duena legazpiarren zinemarekiko zaletasuna izan da.
Zine forumak, 1958tik
Gaurko Zine Klub Legazpik 1958n du jatorria, La Salle Buen Pastor ikastetxeko ikasle ohien elkartean eta haren inguruan sortu zen kultur mugimenduan. Zine forum saioak antolatzen hasi ziren eskolako instalakuntzetan, garaiko errealitate sozial eta politikoari buruzko hausnarketei lekua eginez. Jarduera hark 1970era arte iraun zuen.
Taldea elkarte ofizial bihurtu zen 1971ean, eta Legazpi Zine Kluba sortu zen. Orduan hasi zuen gaur egunera arte iritsi den 50 urteko ibilbidea.
Bide horretan, zine klubak hainbat leku ezagutu ditu: La Salle Buen Pastor ikastetxea eta Ibai-Ondo eta Eslesa aretoak, eta 1990tik Latxartegi. Teknologiaren bilakaeraren lekuko ere izan da: 16mm-ko proiektorea lehenik, 35 mm-koa gero, eta digitala azken aldera.
Bestetik, herritar asko eta asko izan dira Legazpiko zine klubarekin lotutakoak, eta hainbat pasa dira zuzendaritza taldetik zein kolaboratzaile zerrendatik.
Zine Klub legazpi, gaur
Azken urteetan, udalarekin duen hitzarmen bati jarraituz, zine klub saioez gain, zine komertzialaren kudeaketaz ere arduratzen da. Taldea zortzi-hamar zalek osatzen dute.
Horien lanari esker, urritik maiatzera, astero zinema izaten da Legazpin, eta hilean behin edo bitan baita haurrentzako ere. Zine klub saioak ere mantendu dira, hilean behin edo bitan. Azken denboraldietan, bestalde, herriko beste elkarte eta kolektiboekin lanean ari da, garai bateko zine forum saioen izpiritua berreskuratu nahian.
Eta azken bi denboraldietako zenbakiak ikusita, legazpiarrek eskertzen duten lana egiten ari direla dirudi: 2019an, hilean batez beste 1.200 ikusle izan ziren, eta iaz, COVID-aren urtean, 850 ikusle. Aretoaren edukiera osoa berreskuratuta, eta legazpiarren zine gosea ikusita, ziur 50. urteurreneko denboraldian zifra horiek guztiak gaindituko direla.