Berrituta eta lagun kuadrilla handituta hasi du ikasturtea Legazpiko Txolartek
Adimen desgaitasuna duten Goierri garaiko herritarrentzako aisialdi zerbitzua da. Gazteei egin diete dei berezia, lokalera hurbildu daitezen. Boluntarioen bila jarraitzen dute oraindik.
Atzegiko Txolartek ikasturte berria hasi zuen larunbatean, lokal berritua herritarrei erakusteko egindako festa txiki batekin. Erabiltzaileak, familiak, begiraleak eta Atzegiko ordezkariak elkartu ziren Laubiden dagoen txokoan.
Adimen desgaitasuna «beste modu batean» ulertzen zen garaian ireki zuten Legazpiko Txolarte, duela 50-bat urte, Atzegiko kide den Inma Hernandezek gogoratu zuenez. Elkarte bat bezalakoa zen, taberna eta mahaiekin, «nahikoa, guraso eta seme-alaben topalekua izateko».
Baina Ion Tapizek eta Susana Velascok gehitu zutenez, gaur adimen desgaitasuna dutenen aisialdira dago fokatuta gehiago, eta haientzako ekintzak antolatzen eta gauzatzen dira bertan. Kuadrilla baten egoitza ere bada lokala, eta Atzegiko eskualdeko batzordearen bilgune ere bai.
Azken asteotan eman dioten berrituarekin, Legazpiko Txolarte txoko atseginagoa, funtzionalagoa eta modernoagoa da.
Familiak eta boluntarioak
Txolarteko aisialdi jardueraren barruan, zunba, eskulanak, dirua erabiltzen ikasteko tailerrak eta pelikulen proiekzioak sartzen dira, besteak beste. Aste barruan egiten dira batzuk, baina gehienak, larunbat arratsaldeetan. Erabiltzaileek erabakitzen dute zein ekintza nahi duten, eta kuadrilla elkartzen denean, autonomoak izaten dira, poteora irteteko, adibidez.
Txolarteren «motorra» familiak direla nabarmendu zuten Tapizek eta Velascok, baina boluntarioen lana ere aipatu zuten. Patricia Prieto eta Idoia Arranz dira horietako bi, biak Gizarte Integrazioa ikasiak, eta Atzegiren eta boluntarioen lanaren berri klasean ezagutu zutenak. «Larunbat arratsaldeetan ordu pare bateko lana da, eta guk oso gustura egiten dugu, merezi du».
Patriciak eta Idoiak hiru ikasturte daramatzate Txolarten, baina 18 urte dituen Enara Martin hasi berria da. Udan estreinatu zen Atzegiko boluntario gisa, Errioxako Arnedilloko oporraldian. «Familian badut adimen desgaitasuna duen bat, eta beti interesatu izan zait mundu hau. Polita iruditu zitzaidan begirale hutsa izan beharrean, beraiekin oporretara joatea». Aurrerantzean, Txolarten ere arituko da.
Kuadrilla handituz doa
Txolarte Legazpi, Urretxu eta Zumarragako adimen desgaitasuna duten guztiei dago irekita, eta gazteenei dei berezia egin diete hurbiltzeko. 84 bazkide ditu gaur egun, eta 20 dira ia astero erabiltzen dutenak.
Baina kuadrilla handituz doa, eta larunbatetik kide berria du, Jon Ander Lopez. «Lehen eguna da gaur, eta urduri nago!» zioen. Ikaskide duen Eneko Lopezek animatuta iritsi da Txolartera, lagun taldea handitzeko asmoz. Joel, Markel, Magda, Iowa, Laura, Iñaki, Ines, Edurne, Juan Mari, Luis eta Sole izan zituen bidelagun lehen egun hartan.