Inoiz baino legazpiar gehiago azaroaren 1eko ziklo-krosean
Urtatza-zaharren jokatuko da Legazpiko X. Ziklo-kros Sari Nagusia. Legazpiko hamar partaide izango dira. Antolaketa lanetan Telleriarteko Txirrindulari elkartea dabil
Ziklo-kros zaleek hitzordua dute hurrengo astelehenean, azaroak 1, Legazpin. Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatuta, Legazpiko X. Ziklo-kros Sari Nagusia jokatuko da Urtatza-zaharreko zelaietan. Lau proba izango dira: 09:30ean Master maila, 10:20ean kadete mailako emakumeak eta gizonak, 11:20ean junior mailako gizonak eta Open eta Junior mailako emakumeak, eta 12:30ean, Open mailako gizonak.
Zirkuituan prestaketa lanak egiten ari dira, eta astebururako euria egitea espero dutenez, lokatzarekin ikuskizuna ziurtatuta izango da. Hala dio antolaketa taldeko Juan Luis Ormazabalek. Iazko etenaldiaren ondoren, zale guztiak bezala, bera ere irrikitan dago Legazpin berriz ere ziklo-krosa ikusteko.
Legazpiko txirrindulariak
Legazpik tradizio handia du ziklo-kros probetan, baina aurtengo sariak berezitasun bat duela nabarmendu du Ormazabalek, «inoiz baino legazpiar gehiagok parte hartuko du». Master mailan Imanol Ugarte, Aitor Zabaleta, Oskar Gonzalez, Iñaki Astigarraga eta Iñaki Goiburu arituko dira lehian. Elite mailan Ander Ibarguren, 23 urtez azpiko Ander Ormazabal, jubenil mailako Beñat Ballina eta Gari Ugarte, eta kadete mailako Julen Ballina ere izango dira. «Partaide gehien izango dituen herria da Legazpi, eta guretako pozgarria da».
Gazteen partaidetza azpimarratu du Ormazabalek, «gazte asko hurbildu da ziklo-krosera azkenaldian. Urrian Legazpin egin genituen teknifikazio saioetan 40tik gora gaztetxo elkartu ziren».
Legazpiarrez gain, txirrindulari aipagarri gehiago ere izango dira lasterketetan: «Profesional maila utzi berri duen Gari Bravo, Asier Arregi, Iñigo Gomez … Izagirre anaiak gonbidatuta zeuden, baina ezin dira etorri, eta goi mailan dabilen Aitor Hernandezek eroriko bat izan du eta ez dakigu etorriko den». Emakumezkoetan, Ormaiztegiko Lur Zufiria nabarmendu du Ormazabalek, eta horrekin batera Aiala Serrano, Paula Suarez eta Olatz Odriozola ere aipatu ditu. «Tamalez», emakume gutxi izango direla ere aipatu du.
Zirkuitu gogorra
Telleriarteko Txirrindulari elkarteko boluntarioek asteburuan izango dute lan gehien zirkuitua eta inguruak prestatzen, horregatik «baten batek lagundu nahi badu, ongi etorria izango da larunbatean eta igandean».
Lasterketen egunerako ere beharko dituzte laguntzaileak, besteak beste jarriko duten tabernarako. Sarrera ez dute kobratzen, eta «dirua lortzeko modua da taberna». Salda, txorizo eta tortilla pintxoak eta edariak izango direla aurreratu du.
Aparkalekuen gaia ere aipatu du Ormazabalek. Seinaleak errespetatzeko eskatu du, eta ohartarazi du udaltzainak lanean ibilko direla astelehen goizean, gaizki aparkatutakoei isunak jartzeko.
Zirkuituari buruz, «beti bezalakoa» izango dela azakdu du, «Euskadi mailan gogorrenetakoa da, baina txirrindulariek oso gustukoa dute». Astelehenekoa, «ziklo-kros ziklo-krosa» izango dela ziurtatu du, batez ere aurreko egunetan euria egiten badu eta lokatza badago.
Amaitzeko, deialdia egin die ziklo-krosa probatu nahi duten gaztetxoei. Sari banaketaren aurretik, zirkuituko zati batean ibiltzeko aukera izango dute.