Jentilen Etorreraren 40 urte jorratuko dituzte Ataunen biharko bi saioetan
Sarrera guztiak agortuta direla, bi emanaldi egingo dituzte 50 bat ataundar antzezlek. 1981-2021 epea oroitzeko, berezia izango da aurten. Urteotan 30 bat kondaira egin dira
Berezia izango da Ataunen aurtengo Jentilen Etorrera antzerkia. Berrogei urte bete ziren ekainean aurreneko aldiz kale antzezpena egin zutenetik, eta Jentilbaratza elkarteak ikuskizun berezixeagoa prestatu du. Bihar izango dira, emanaldi bikoitzarekin, Auzoeta kiroldegian. Aurretik, 18:15ean, San Martingo plazara jaitsiko dira jentilak eta lamiak, eta kristauek harrera egin ondoren, kalejiran pilotalekura joango dira.
Bi emanaldi izango dira, 19:00etan lehena eta 21:00etan bigarrena. Bietarako sarrerak agortuta daude; denera 1.400 bat ikusle batu izan dira aurreko ekitaldietan (bi urtez behin egiten da antzerkia). Antzezten, betiko moduan, 50 herritarrek parte hartuko dute. Antolaketa, muntaia, joste eta bestelako lanetan, guztira 150 lagun ari dira.
40 urtean 30 bat kondaira
Euskal mitologia berpizteko, eta Ataunen horren emankorra izan den mundua iraunarazteko ahalegina egin dute azken berrogei urteotan. Antzerkian pertsonaia batzuk finkoak izan ohi dira, baina azken hiru hamarkadetan gidoia berritu izan dute, herrian jasotako ipuinak eta elezaharrak oinarri hartuta.
«Guztira 30en bat kontu zahar edo legenda desberdin antzeztu ditugu urte hauetan», azaldu du Jentilbaratza kultur elkarteak. «Aldiro bi edo hiru legenda desberdin antzezten dira, beste pasarte batzuekin batera. Pasarteen errepresentazioa aberatsagoa izan dadin, ikuskizuna abestiz eta dantzez hornitzen da. Bertsoak ere presente daude».
Herri antzerkiaren plaza
Jentilen Etorrera 1981eko Garaipen Festetan sortu zuten, lehen eguneko herri afariaren bukaeran, jaiei parranda giroan ekiteko. Hala iraun zuen, harik eta 1992an antzerki-egitura eta garapen sakonagoa eman zioten arte. 1997an Auzoeta kiroldegira aldatu zuten agertokia. «Herri antzerkia zutabe eta garai bateko sinesmenak ardatz ditu».
Berrikuntza gisa, 40 urteko ibilbideari keinu egiteko, errepaso moduko bat egingo dute bihar, antzezpen laburren bidez. Bukaeran «sorpresaren bat» ere iragarri dute. Urriaren 1ean hasitako IV. Mitoaldia egitaraua ere Jentilen Etorrerak itxiko du.













