Leitzaranen ibilaldia eta Argazki Astea antolatu ditu Amalur taldeak
Lazkaoko Amalur mendi taldeak Leitzarandik Oindolar mendira egingo du igandeko mendi buelta. Otieta aparkalekuan hasi, eta Plazaolako bidea jarraituz Bertxin zentral elektrikora iritsiko dira. Ur hodiaren alboko 1.000 eskailera mailak baso artean igota, Oindolarrera (435m) iritsiko dira. 15 kilometro da bira, eta 500 metroko desnibela du.
Etzi 08.30ean Itzalatik irtengo dira. Txangoa lau-bat ordukoa da, eta 14:00etan itzuliko dira. Izena gaurko eman behar da.
Datorren astean, berriz, Argazki Astea garatuko du Amalurrek Lazkaon herritar denentzat.
Mediavillarekin saioak
Batetik, asteartean eta ostegunean, Carlos Mediavilla argazkilariarekin prestakuntza saioak egin ahalko dira, kultur etxeko aretoan, 19:00etan. Mendiko bere argazki batzuk erakutsiz, aholkuak emango ditu.
Ondoren, azaroaren 14an, argazki lehiaketa egingo dute, Lazkaoko eta inguruko mendietan. Sariak ere jarri dituzte.













