Bixente Martinez, Legazpiko Azaroan Musika programako gonbidatua igandean
Kontzertua egingo du Latxartegi Aretoan, Oskorriren kantu mitikoetan oinarritutako 'Txoria buruan eta ibili munduan' diskoa aurkezteko.
Legazpiko Azaroan Musika programazioak Bixente Martinez gonbidatu du iganderako. Oskorri talde mitikoko musikari ohiak kontzertua emango du 12:30ean, Latxartegi Aretoa.
Oskorriren kantuetan oinarritutako Txoria buruan eta ibili munduan izeneko lan berria aurkeztuko du Martinezek Legazpiko emanaldian. Bakarkako lehen lana du, urrian kaleratutakoa eta Elkar diskoetxeak ekoiztutakoa. Oskorriren errepertoriotik ateratako kantuak dira lan horren oinarria, bere erara birmoldatutakoak.
Diskoan bezala, gitarra ezberdinak erabiliko ditu artistak kontzertuan, akustikoak eta elektrikoak, baita loop-ak eta bestelako efektu batzuk ere. Ikuskizuna osatzeko, Haatik dantza konpainiako Leire Romero eta Aimar Odriozola dantzarien laguntza izango du oholtza gainean.
Emanaldia doakoa izango da, eta sarrera librea izango da espazioaren edukiera osatu arte. Musukoa derrigorrezkoa izango, eta ezingo da ez jan ez edan. Latxartegi Aretoko ateak emanaldia baino 30 minutu lehenago irekiko dira, jende pilaketak saihesteko asmoz.