Elkartasunerako dei berria egin die Hotz Legazpik legazpiarrei hilaren 20rako
Janari eta oinetako bilketa egingo dute azaroaren 20an, Azokan eta Hegialden. Greziako errefuxiatuen kanpalekuetara bidaliko dituzte. Hiru senegaldarren ikasketetarako dirua ere nahi dute
Duela urte batzuk errefuxiatuekiko hartu zuten konpromisoak ez du etenik Hotz Legazpi elkartea osatzen duten herritarren artean, kanpaina berri batean murgildu direlako. Datorren asteko larunbatean, azaroak 20, janari eta neguko oinetako bilketa egingo dute Legazpin, eta bildutako material guztia Greziara bidaliko dute, Zaporeak eta Red SOS Refugiados erakundeekin elkarlanean.
Elkartasun kanpaina berri honek herri mailan eta modu xumeagoan martxan duten beste kanpaina batekin egingo du bat. Legazpin bizi diren hiru senegaldar gazteren ikasketak ordaintzen laguntzeko dirua biltzen ari dira, lana aurkitzeko erraztasun gehiago izan ditzaten.
Janaria eta oinetakoak
Azokan eta Hegialden egingo dute janari eta oinetako bilketa hilaren 20an. Bertan izango dira 09:00etatik 14:00etara bitartean elkarteko boluntarioak.
Oraingo bilketa honetan gatza, arroza, pasta, olioa, tomate frijitua eta atun eta sardina latak behar dituzte. Espezieak ere jasoko dituzte: piper beltza eta zuria, kurkuma, kominoa eta piper hautsa.
Oinetakoei dagokienez, negukoa behar dute, zapatak, botak zein zapatilak, eta gizonezkoentzat, emakumezkoentzat (takoirik gabeak) eta umeentzat.
Jasotako janari eta oinetako guztiak Grezian dauden errefuxiatuen kanpalekuetara bidaliko dituzte, han Zaporeak eta SOS Red Refugiados egiten ari den lanean laguntzeko.
Ikasketak laguntzeko
Bestetik, Hotz Legazpik kontu bat ireki du Caja Ruralen, herrian bizi diren hiru senegaldar laguntzeko: ES69 3008 0210 10 3302307719, kontzeptua ‘ikastaroa’. Hiru gazteak Tolosaldea Lanbide Heziketako ikastetxean Biltegiratzea eta Logistika ikastaroan parte hartzen ari dira, urritik martxora. Ikastarora doazen egunetan, kalean saltzeko denbora gutxiago dutenez, diru sarrera gutxiago dituzte, eta Tolosara joateak ere, gastuak sortzen dizkie.
Ikastaroa aurrera eramaten laguntzeko eskatu dute dirua Hotz Legazpikoek.