Legazpiko errondaila, Altsasuko Trasteando taldearen anfitrioi
Bi errondailek kontzertua egingo dute larunbatean, Latxartegi aretoan. Entseguetan buru-belarri dabiltza taldekideak.
Alaitasuna errondailak Doinu-Ederren duen egoitzan ez da giro azken asteotan, larunbatean duten saiorako entseguekin ari direlako taldeko kideak. Altsasuko Trasteando errondailarekin batera kontzertua egingo dute musikari legazpiarrek Latxartegi aretoan, Azaroan Musika programaren barruan.
Kontzertua dohainik izango da, eta Latxartegiko ateak emanaldia hasi baino 30 minutu lehenago irekiko dituzte, jende pilaketak ekiditeko. Maskara jantzita eramatea derrigorrezkoa izango da, eta emanaldian zehar ezin izango da ez jan ez edan.
Musika herrikoia
Aspaldiko lagunak dira Alaitasuna eta Trasteando taldeko musikariak, eta elkarrekin kontzertu bat baino gehiago egin dituzte, Legazpin zein Altsasun. Aurtengo errondaila topaketa hau berezia izango da, pandemiak eragindako murrizketen ondorengo lehen kontzertua delako. Legazpiarrek, hala ere, izan zuten publikoaren aurrean jotzeko aukera, irailean herrian egindako kalejira batean.
Estilo bereko musika jotzen dute bi taldeek. Musika herrikoia da nagusiki, rantxerak, mexikarrak eta abesti ezagunak, euskaldun asko horien artean.